«Leiala izan naiz aita sinboliko eta ez sinbolikoekin, kosta zait apurtzea»
Agertoki gainean bat-batean lantzen duen ahozkotasunari arnasa berria eman dio Miren Amurizak literaturara ekarrita. “Pleibak” da bide berrien bilaketaren emaitza. Jone eta Polly, elkar “galdu” duten lagunak ditu protagonista. Dolua da. Asko du aitorpenetik, minetik... baita egunen batean elkarren begiradak gurutzatuko diren desiotik ere.

Jone eta Polly. Lokaleko lagunak. Etsaiak, Eskorbuto, Fernando Alonso, Pamela Anderson. Baserria. ‘Moro’-ra bidaia. Institutua. Istripua.
“Basa”-ren ondoren hizkuntza erregistro partikular baten bila abiatu zen Miren Amuriza (Berriz, 1990). «Bada koska bat estutzea, ahozkotasunera hurbiltzea eta hizkuntza zikintzea. Nik nahi dut kontzientzia osoz hizkuntza apurtzea une batzuetan eta zaintzea besteetan. Uste dut erregistro literarioaren hautuak ahalik eta doituen egon behar duela kontatzen ari zaren istoriora. Hartu ditudan erabakiak liburu honi dagozkionak dira; beste batean beste batzuk hartuko ditut. Egin dira mila saiakera -Danele Sarriugarteren ‘‘Erraiak’’ eta Uxue Alberdiren ‘‘Ukitzen gaituen ura’’, tartean-. Iruditzen zitzaidan arduraz jokatuta ere euskaraz bazegoela non esploratua. Eta sortzaileoi dagokigu hori egitea. Beste kontua da eduki behar dugula hizkuntza egitura sendoa eutsiko diena apurdura horiei: hizkuntza politika, soziolinguistikan eta irakaskuntzan jende formatua izatea... baina gure lana txispa ateratzea da», argitu du liburuan erabilitako hizkuntzaz.
EGOERA SOZIOPOLITIKOA
Hizkuntza bilaketak ekarri zuen garai historiko bat. Eta horrek berak, egoera soziopolitiko jakin bat. «Zeinek gorpuztuko zuen ahozko erregistroa? Nerabe batek. Horrek ekarri ninduen gure gaztarora. Eta berarekin zekartzan kontestua eta hor zabaltzen diren meloiak. Gertatzen den guztia sinesgarria eta pertinentea izateko kontestua ahalik eta ondoen ezaugarritzen saiatu naiz. Bataren baserria, bestearen etxea, giro politikoa... usaina». Pleibak. Zurea ez den ahots bati hitza jartzea da. «Gorputza eta mugimendua beste bati jartzea», esan du Amurizak. Haurtzaroarekin zuzenean lotzen du idazlea. «Play-back-ak egiten genituen, gure umezaroa hori zen. Ez genekien euskaraz, erdaraz edo ingelesez ari ginen, batez ere dantza zen. Oso geuretzat geneukan hitza zen. Behin eta berriz kantan atzera eta aurrera egitea ‘review-play’. Eta plantak egitea. Britney Spears behin eszenatokian erori eta musikak jarraitu. Nik ere horrela bizi nuen bizitza. Teatroa», aitortu du.
HURBILKETA
Sortzaileak ez du erraza izaten buruan duen horretara hurbiltzea. Lortu duelakoan dago Amuriza. «Behin horra iritsita ‘hemendik aurrerago joan nahi dut’ pentsatzen duzu, beti findu daiteke gehiago egindakoa, baina beste nonbaiten izango da. Gauza bat da zer nahi duzun eta bestea zer ahal duzun. Lehen nobelaren esperientziaren ondoren, kontzienteago izan naiz bien arteko distantziaz», azaldu du.
«Dibertitu» egin da bidean. Onena da ume-umetatik ezagutzen nauen lagun batek esan didala ‘jendeak pentsatuko du zu bi pertsonaia horietako bat zarela eta nik badakit zuk bestetik ere asko daukazula’. Izan da askatzeko bidea. 13-14 urterekin, bakoitzak bere rola jokatzea hain inportantea den garaian, oso garbi neukan zein paper jokatzen nuen, Pollyren antzekoagoa: ikasle fina, bertso eskola, euskaltzalea, militantea... Lagunak hasten zirenean ‘Operación Triunfo’ telebistako saioaz hitz egiten ez nekienaren plantak egiten nituen, adibidez. Hori gogoratzeak asko dibertitu nau», kontatu du.
Oso desberdina litzateke liburua Pollyren ahotsean. «Bai, izango zen antzekoagoa beste kontakizun batzuetatik. Pollyren ahotsak zer konta dezakeen entzuten dut nire barruan eta nire inguruan eta horren oihartzunak badaude. Ez ninduen hainbeste jartzen. Bestalde, gu izan ginenaren irakurketa kritiko samarra egiteko interesgarriagoa zen beste aldea, Jone entzutea eta zulotxoa ikustea atzean», esan du. Izan ere, autokritika egiteko baliatu du Amurizak nobela. «Orduan egin genuena epaitzeak ez dauka zentzurik eta, gainera, ez doa inora. Gertatu zena gertatu da. Baina horrek ez du esan nahi irakurketa kritikorik egin ezin duzunik. Denoi gertatu zaigu. ‘Nik mina egin nizun, zuk mina egin zenidan’, sartzen gara buklean, nor izan zen lehena... Ez dago pertsona onik eta txarrik. Batzuetan apurdura horien atzean ez dago erantzun garbi bat gertatu zenari buruz».
Amurizak xehetasunez deskribatzen ditu pertsonaien gelak... haurtzaro eta gaztaroan unibertsoa izan diren espazio intimoak. Bi nesken gurasoek protagonismo nabarmena dute liburuan. «Pollyk zapalduaren lekuan kokatzen du bere burua euskaldun bezala. Baina ez da konturatzen dauzkan gurasoengatik, etxean dauzkan liburuengatik, Jonek baino baldintza hobeak dauzkala. Gu eskolan 3 urtetik 16 urtera arte denok elkarrekin egon ginen eta teorian baldintza berdinetan. Zergatik batzuk, kasualitatez, unibertsitatera joan ginen eta beste batzuk ez? Igual ez zen gaitasunen arabera; bakoitzaren zirkunstantziek zeresan handia dute. Saiatu naiz bi pertsonaia itxura batean kontrajarriak eraikitzen eta kontatzen zein zirkunstantziak eraiki duten bakoitza», azaldu du.
Literaturaren edertasuna. Liburuari esker aspalditik izateke zituen elkarrizketa batzuk izateko aukera izan duen galdetu diogu. Iraganeko kontuak argitzeko. Baietz berak. «Nerabezaroa ixtearen sentsazioa izan dut haietako batzuekin hitz egin ondoren; hunkigarria izan da», aitortu du.
«Errazago identifikatzen dugu biolentzia eta botere harremana etxetik kanpo edo inguru ez-politizatuetan gertatzen direnean», esana du. Sakontzeko eskatu diogu. «Hau ez dut nik deskubritu. Ni hona iritsi banaiz da beste askok eta askok zabaldu dizkidatelako begiak bai idatzi dutenagatik eta batez ere egunerokoan eskua altxatu dutelako. Bi pertsonaien inguruan eta baita gaur egun ere, errazagoa da lokalean ‘mamada’ bat egiteagatik tipa bati ordaindu diotelako kantzelatzea, zure kide majoarekin gauza bera egitea baino. Ni oso leiala izan naiz beti aita sinboliko eta ez-sinboliko guztiekin; kosta zait apurtzea. Hasten zarenean alfonbra altxatzen...».
Libururako propio sortutako hizkuntzaz zer ote dio Xabier Amurizak, aitak? «Liburua ez doa horretara, baina besteak beste horrekin ere apurtzen du. Pentsatzen nuen ‘aitari hau ez zaio guztiz ondo irudituko, orduan jarri egingo dut’. Begirada hori aitarengan pertsonifikatu arren, ez naiz neure aitaz ari, orokorrean baizik: gure aita politikoak, aita kulturalak... ‘Euren gustukoa bada, ez naiz ari egin nahi nuena egiten’, nioen neurekiko», kontatu du.
Idazkuntza lan bakarti eta isolatu gisa margotu da orain arte. Literatura lan komunitario bezala aldarrikatzen du zenbait idazlek orain. Amurizak ere bai. «Gure belaunaldiko idazle emakumeok horrelaxe funtzionatzen dugu. Uxue [Alberdi], Nerea [Ibarzabal], Ane [Labaka] bertsotatik gatoz elkarrekin. Egiteko modu batzuetatik gatoz. Feminismotik gatoz, baita. Mini-aliantza asko daude eratuta. Beste idazle batzuekin ere bai, Danele [Sarriugarte], Kattalin [Miner]... Denok daukagu bestea egiten ari denaren berri. Elkar laguntzen dugu. Orain hori balioan jarri eta hala egiten dugula esaten dugu. Garai batean egon zitekeen idazle bakartiaren irudia; iluminazio ‘divino’ hori niri ez zait iritsi!», dio irribarrez.
KONTAKIZUN BERRIAK
Literaturan, zineman, bertsolaritzan... pixkanaka garatzen ari den ahots aniztasuna jarri diogu hizpide. «Askotan esaten da ez-gizonen ahotsak agertu ahala eszenan aniztu egin direla kontakizunak. Nik esango nuke batez ere konplejizatu egin direla. Gizonezkoek urteak daramatzate emakumeak erretratatzen, baina zein estereotipo mota? Ze interesen arabera? Errelato horiek lehenengo pertsonan ekartzeak dakar beste konplexutasun bat. Gurasotasuna bizitzeko moduaren barruan egon daitezkeen milaka kontraesan agertzen dira, esaterako. Zuk era batean biziko duzu, besteak beste batean, eta fikzioari aportatzen dio esploratu gabeko eremu zabal bat. Eta bueltan, errealitateari ekartzen dio erreferente sorta askoz zabalagoa», adierazi du.
Aurrera begira ikusten du zer egina. «Bertsotan tokatu zitzaidan Gisele Pelicoten gaia eta egun batzuk lehenago beste neska bati. Bai, gaiak oholtzan daude, baina zergatik jarraitzen duzue emakumeoi jartzen horrelako gaiak? Etxeko lanak denok ditugu egiteko. Koska bat dago gai hauek plazara ekartzean eta jakina, behar da, baina ez da gure ardura bakarrik».
SORKUNTZARI EMANA
Garai bateko irakaskuntza zereginak alboratuta, sorkuntzari emana bizi da azken urteotan. «Autonomoa naiz. Idazketa tailerrak liburutegietan, lan txikiak, enkarguak han eta hemen... Azken hilabeteotan asko hitz egiten ari da euskaraz diziplina desberdinetako langileon baldintza kaskarrez». Beñat Gaztelumendik egindako gogoeta aipatu du. «Gure jardunak, bertsolaritza eta idazletza, prekarioak direla baina kontu handiz erabili beharreko terminoa iruditzen zaiola dio, prekaritateak esan nahi dituen beste gauza askok ez digutelako eragiten. Asko gustatu zait».
Bere hautuaren berri eman digu. «Nahi dudalako nago hemen, eta ahal dudalako. Badakit honek funtzionatuko ez balu edukiko nituzkeela beste bide batzuk baldintza onetan, lan egonkorra izateko. Eta honetan jardun dezaket badaukadalako sare bat, egitura egonkor samar bat, beste askok ez daukana. Ez nintzateke geratuko egun batetik bestera kalean. Horren kontzientzia edukita ere ez du kentzen bi jardun prekario direla eta suposatzen duela tentsio konstante batean bizitzea, tetris-a egiten. Epe ertaineko aurreikuspenekin bizitzera ohitu naiz. Behin eta berriro, ziklikoki, erabakia mahai gainean jartzen eta neure buruari galdetzen ‘honetan jarraitzeko moduan nago?’. Momentuz erabakiari heltzen diot, baina kontziente naiz edozein momentutan alda litekeela».

Sorzabal: «Fueron horas de descargas, hubiera firmado que maté a Carrero»

«Greba honen benetako erantzulea Jose Ramon Garai da, ez besterik»

El plan de Donald Trump para vaciar la Franja de Gaza no es factible. ¿Por qué?

La voz recuperada de María Dapena, una comunista consecuente
