Iraitz MATEO
DONOSTIA
EUSKAL HERRIKO TORTURATUEN SAREA

Aitortza ofizial eta erreparazio eske, 900 torturaturen ahotsa

«Garrantzitsuena ez delako egin ziguten hura, baizik eta egin ziguten harekin egiteko gai garen hori. Sufriarazi ziguten hura ahalduntze kolektiborako erabili nahi dugu», esan zuten Euskal Herriko Torturatuen Sareko kideek atzo, sarea eratzeko egindako batzarrean. Aitortza ofizialerako eta erreparaziorako bidean, beste urrats bat.

900 kide inguruk bete zuten atzo goizean Kursaaleko aretoa.
900 kide inguruk bete zuten atzo goizean Kursaaleko aretoa. (Maialen ANDRES | FOKU)

 

Euskal Herriko Torturatuen Sarea eratu da, hedatzeko asmoz eta helburu argiekin: Gertatutakoa euskal jendartean zabaltzea eta errekonozimendurako eta erreparaziorako bidean, erakundeei «mekanismo integralak» garatzeko eskatzea. Atzo aurkeztu zioten euskal jendarteari sarea, eta Donostiako Kursaalak gainezka egin zuen. Bidea zaila izanagatik ere, kolektiboan eta nazio mailan egiteak arindu dezakeelakoan osatu dute sarea; elkarren artean saretzeko eta elkar babesteko. «Ahalduntze kolektiborako» bidea egin nahi dutela jakinarazi zuten aurkezpenean.

Argazki esanguratsua utzi zuen atzoko agerraldiak; Kursaaleko aretoa bete-bete zegoela, bigarren gela batean ere elkartu ziren kideak, guztiak batean ezin kabituta. 900 torturaturen bizipen, min, ikaspen, ilusio eta itxaropenak elkartu ziren atzo goizean Donostian. Nork bere bizipen eta motxila izanagatik, «lengoaia berean» hitz egitearen abantaila zuten, bertaratutakoen esanetan. Sarearen lehen batzar eratzailea egin zuten goizeko lehen zatian eta, ondoren, Euskal Herriko Torturatuen Sarearen agiria irakurri zuten, hunkidura keinu eta txalo artean.

Agurtzane Juanena eta Iker Moreno arduratu ziren batzarraren amaieran sareari ahotsa jartzeaz. Juanenak kontatu zuen 1975eko irailean atxilotu eta torturatu zutela, Donostian, Brigada Politiko Sozial frankistak, zehazki, eta Lakuak torturaren biktima gisa aitortu zuela ofizialki. Moreno 2011ko urtarrilean atxilotu zuten Burlatan, eta Guardia Zibilak torturatu zuen; Nafarroako Gobernuak torturaren biktima gisa aitortu zuen ofizialki.

URTEETAKO ISILTASUNAREN AURREAN, AHOTSA GORATU

Hasteko, Joxe Arregi torturapean erail zutenetik 44 urte iragan direla gogoratu zuten, eta, hain justu, orain «altxatu» nahi izan dute ahotsa, Euskal Herriko Torturatuen Sarearen izenean, «memoriaren pisuarekin ahazten ez dugun iragan baten izenean».

«Gaur gure ahotsak altxatzen ditugu, ez bakarrik guregatik, baizik eta tortura sufritu zuten haiengatik guztiengatik. Garrantzitsuena ez delako egin ziguten hura, baizik eta egin ziguten harekin egiteko gai garen hori. Sufriarazi ziguten hura ahalduntze kolektiborako erabili nahi dugu. Euskal Herri hobe baten bidean, egiaren aldeko pauso bakoitzean askatasunaren aldeko pauso bat ere badagoelako», adierazi zuten.

Atzo Donostian batutakoak Euskal Herriaren historia garaikideko hainbat unetan tortura beren azalean sufritutakoen «testigantza bizia» direla azaldu zuten, eta euskal gizartearen aurrean Euskal Herriko Torturatuen Sarea publikoki aurkezteko baliatu nahi zutela unea: «Torturatuek sortutako eta torturatuentzat baliagarria izan nahi duen tresna da; herri honetan tortura pairatu duen pertsona oro egin nahi dugu sare honen parte, milaka aurpegiren, milaka ahots isilarazi eta ukaturen, bozgorailu izateko».

«Subjektu aktibo» izan nahi dute, torturaren errealitatea jendartera hedatzeko. Argi utzi zuten atzo elkartutakoa lagin bat besterik ez dela eta badakitela «askoz gehiago» direla. Zehaztapen bat ere eman zuten: egun, 5.000tik gora dira Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako torturaren ikerketa zientifikoak argitara ateratako kasuak.

AITORTZA OFIZIALAK

Bide horretan, Lakuari eta Nafarroako Gobernuari eskatu zioten aitortza eta erreparazio ofizialerako mekanismoak garatzeko, «torturatuen errealitatea osatzen duten 1960tik 2014ra bitartean jasotako milaka kasuentzat torturaren errealitatea itzaletik argira ofizialki ateratzeko, hamarkadetako ukazioa behingoz amaituz».

Hirugarren puntu gisa, gertatutakoaren erantzukizun publikoak hartzeko garaia dela aldarrikatu zuten, «torturaren aplikazioa Euskal Herrian sistematikoa izan delako». Egitura oso baten «babespean gauzatu» eta «justifikatu» ahal izan dela nabarmendu zuten, «eta erantzuleak Espainiako Estatuko Segurtasun Indarretatik haratago» daudela (epaileak, auzitegi medikuak...)

Hala, errekonozimendu eta erreparazioranzko bidean dagokienek erantzukizuna «publikoki onartzea ezinbestekotzat» jotzen dute. Urte luzeetako isiltasuna hausteko unea da, beren ustez: «Bada garaia jendarteak eta erakundeek min hori aitor dezaten, herri honek aurrera egin ahal izateko egia osoaren eta justiziaren bidean».

ONDORIO POLITIKO, SOZIAL, KULTURAL ETA GIZATIARRAK

«Torturaren ondorioak ez ditugu lagun torturatuek bakarrik pairatu» esanez sakondu zuten irakurketaren laugarren puntua. Haren ondorio politiko, sozial, kultural eta gizatiarrak ezagutarazi behar direla aldarrikatu zuten, eta horiek begirada feministatik ere landu behar direla gaineratu. «Erakunde publikoen bidez erreparaziorako mekanismo integralak» sortzea zein garrantzitsua den azpimarratu zuten, giza eskubideen urraketek lurraldean izan dituzten ondorioak ezagutarazteko bidean.

Jendarteari eta datozen belaunaldiei «gertatu dena argitzea» zor zaiela adierazi zuten: «Zergatik torturatu gintuzten ezagutarazi beharra dago, tortura ahalbidetu zuen testuinguru politikoaren arrazoiak mahaigaineratu behar diren bezalaxe. Hori baita berriro ere ez errepikatzeko bermerik eraginkorrena. Inork inoiz gehiago guk pairatu duguna jasan ez dezan, eragin ez diezaguten».

«MUGARRI BAT» BIDE LUZEAN

Euskal Herriko Torturatuen Sareko talde sustatzaileko Iker Araguas kideak GARAri adierazi zionez, «oso positiboki» baloratzen dute atzo goizean egindako batzar eratzailea. Alokatuta zituzten bi gelak bete zirela esan zuen - «gainezka egin du Kursaalak»-, eta oso momentu hunkigarria izan zela nabarmendu zuen: «Uste dugu sarea ehuntzeko bidean mugarria izango dela».

Bestalde, modu kolektiboan egitea funtsezkoa dela nabarmendu zuen: «Guk eskatzen duguna aitortza kolektiboa da; zentzu horretan balio izugarria du bide honek». Mugarri bat jarri dutela uste du, baina gehitu zuen ez dela «ezeren amaiera, abiapuntua baizik».

Hurrengo eginbeharrak ere argi dituzte Euskal Herriko Torturatuen Sareko kideek: «Auzolan erraldoia egin behar dugu Euskal Herrian zehar ahalik eta torturatu gehien saretzeko eta aitortza kolektiboaren bidean urrats sendoak egiteko».

Gainezka zegoen Kursaalak izugarrizko argazkia utzi zuen atzo, baina seguru argazki txiki gehiago ere egon zirela, pauso sendo bat eman izanaren poza eta itxaropena ere igartzen baitziren.



Frankismo betean atxilotu eta torturatu zuten Juanena

Agurtzane JUANENA ALUSTIZA

Donostiako Gobernu Zibilean torturatu zuen Brigada Politiko Sozialak. 1975. Agurtzane Juanena (Legazpi, 1956) Donostian ikasle zela atxilotu zuten eta garaiko Gobernu Zibilean atxilotuta izan zuten, bere burua leihotik bota zuen arte.

Intxorta 1937 Kultur Elkarteak jasotako testigantzan azaltzen du bere istorioa. 18 urte zituela atxilotu zuten, artean Franco bizirik zegoela; berea «egonaldi laburra» izan zela kontatzen du, 12 orduren ostean bere burua bigarren pisuko leiho batetik bota zuen eta. «Ez nuen bertan jarraitu nahi, han zegoena ezagutu nuelako izan nuen botatzeko ausardia, hangoa tratu txarra zen, umiliazioa, beldur handia...».

Oinak eta bizkarrezurra puskatu zituen, eta lau hilabetez mugitu gabe egon behar izan zuen, pare bat operazio tarteko; hala ere, gaur egun uste du fisikoki baino psikologikoki eragin ziola gehiago, urteetan depresioa izan baitzuen.

Torturaren gaia ezkutuan egon izan dela salatu izan du Juanenak: «Gaizki pasatze horrek zerikusi handia du orduan zegoen isiltasunarekin; guri ere kosta egin zaigu geure buruaz hitz egitea, mina adierazteko zailtasun handia izan dugu». Isiltasuna gainditzen idazteak lagundu zion berari, “Esan gabe neukana” (Elkar, 2003) liburua idatzi zuen.

AITORTZA

. Lakuak torturaren biktima ofizial gisa aitortu zuen, 12/2016 Legearen bidez. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere biktima gisa aitortza egin zion lehenago.

 



2011n atxilotu zuten Moreno, eta torturatu egin zuten

Iker MORENO IBAÑEZ

Burlatan atxilotu ostean torturatu zuen Guardia Zibilak. 2011. Iker Moreno Ibañez (Burlata, 1986). Juanena atxilo hartu eta torturatu zutenetik 36 urte igaro ziren Moreno bere jaioterrian Guardia Zibilak atxilotu eta Tres Cantosera eraman zuenetik.

Bertan, lau egunez inkomunikatuta izan zuten, eta modu lazgarrian torturatu zuten. GARAri elkarrizketa batean kontatu zionez, poltsaren tortura mota dozenaka aldiz erabili zuten berarekin; kolpekatu, elektrodoak jarri eta bortxazko mehatxuak egin zizkioten. «Handik bizirik atera nintzenean, mendekua kontatzea izango zela esan nion neure buruari. Nahiz eta tratamendu psikologikoak jaso, oraindik ere zauria berriro irekitzen da, eta barrutik ez dago sendatuta», kontatu zuen.

“Aztnugal” leloa ezagun egin zuten kideetako bat da Moreno, laguntza oihuka eskatzen ibiltzearen leloa. Egun, poliki-poliki, baina torturaren inguruko «negazionismoa eta isiltasuna apurtzen» ari direla uste du. Nafarroako Torturatuen Sareko kidea da, eta kolektiboki lan egiteari garrantzia handia ematen dio.

AITORTZA.

Nafarroako Gobernuak ofizialki torturaren biktima gisa aitortu zuen, 16/2019 Foru Legearen bidez. Iruñeko Udalak ere egin zion aitortza hori aurrez. Horrez gain, Estrasburgok Estatu espainola kondenatu zuen Morenok salatutako tratu txarrak ez ikertzeagatik.