Ikasleei eginiko bortizkeriengatik, hamahiru salaketa aurkeztu dituzte Baionan
Biarnoko Notre Dame de Betharram ikastetxearen auzia segida izaten ari da, oraingoan Euskal Herrian. Uztaritzeko San Frantses Xabierkoa ikastetxea izan dute jomugan salaketa gehienek, baina beste bi ere hunkituak dira: Angeluko Jean-Jaures eskola publikoa eta Domintxaineko ikastetxea. Baionako auzitegiaren esku daude kereila berriok.

Biarnoko Notre Dame de Betharram ikastetxean hamarkada luzeetan gertatu ziren neurri gabeko bortizkeriak eta sexu-abusuak azaleratu ondotik, auzia erreferentzia bilakatu da garai bertsuan beste zenbait ikastetxetan gisako tratua pairatu zuten ikasleentzat.
Uztaritzeko kristau-ikastetxe batean fokua jarriz, duela hilabete bat Facebook sarean talde bat sortu zen, Ipar Euskal Herrian gertaturiko gehiegikeriez mintzatzeko aukera emateko xedez.
Gaur arte, 180 lagun batu dira mintzagune horretara. Trukaketa horri zabalpen berria emanez, atzo goizean, Gilles Parent-ek, beste biktima bi ondoan zituela, salaketa-agiriak eraman zituen Baionako auzitegirat.
Orotara 13 salaketa ezarri dira gaurko egunera arte; horietatik gehienek, hamaikak zehazki, Uztaritzeko San Frantses Xabierkoa ikastetxe pribatua hunkitzen dute. Salaketa horiei gehitu behar zaizkie Angeluko Jean-Jaures eskola publikoari eta Domintxaineko ikastetxeari jarritako beste biak.
CYRIL GANNE-REN AURREKARIA
Jadaneko Betharram auzian ere salaketa jarri zuen ikasle ohi batek, Cyril Gannek, Uztaritzeko San Frantses Xabierkoa kolegioan bortxatu egin zutela salatu zuen iragan otsailaren 17an. Egun Suitzan bizi den 51 urteko baionarrak 1983an «bortxaketa, tratu txarrak eta kolpeak» pairatu zituela adierazi zuen salaketa horretan.
Ikastetxe berean ikasi zuen Gilles Parentek berak martxoaren 20an Asanblea Nazionalean hitza hartu zuen, bertako ikasleei eragindako oinazearen berri emateko.
Atzo goizean, Baionako auzitegian bildutako hedabideen aitzinean Parentek azaldu zuenez, Facebooken taldea sortzeko arrazoi nagusia biktimei hitza askatzeko aukera eskaintzea zen. Izan ere, «biktimaren estatutua lortze aldera, salaketa judiziala behar dela jakinik», auzibidea zabaltzeko hautua egin dute.
1960. urtetik 2025. urtera bitartean jazotako erasoak salatu dituzte azken hilabeteetan, eta atzo ere horretarako parada izan zuten Baionan. Salaketa horien mamia, laburbilduz, «indarkeria goreneko kasuak dira, horietatik hiru sexu-abusuak», Parentek azaldu zuenez.
Beste ikasle batzuengandik jasotako jazarpena aipatzen da, baina kasu gehienetan, ikastetxeetan boterea zuten pertsona helduek adingabeei eragindako erasoak nabarmentzen dira salaketa berri horietan.
ANTZEKO KONTAKIZUNAK
Betharrametik Uztaritzera, ñabardurak ñabardura, kontakizunak antzekoak dira. Hala eta guztiz ere, lekukotasun bakoitzak barneak mugiarazten ditu. Mitchel Etcheverryk, atzo goizean Baionako auzitegian izan zenak, 11-12 urte zituen «indarkeria eta voyeurismoa-ren» biktima izan zenean. Egun 62 urte dituen gizonak San Frantses Xabierkoa kolegioan ikaslezain nagusia zenari egotzi dizkio «gauean edo dutxan» zela pairatu zituen abusuak.
Ikastetxe horien aurkako lehen salaketak 90eko hamarkadakoak dira, baina kasuek 2023az geroztik hartu dute oihartzun handiagoa.

Pluses inflados o inventados para subir 350 euros el sueldo de ertzainas

BMW llegados desde Oviedo a Arkauti, Irun, Donostia... a 75.000 euros el coche

«Biolentziari biolentziaz erantzuteko modu bat da ez bitartasuna»

ETAren lehen armagabetze saioa Zokoako apaizetxean gertatu zen
