Urtzi URRUTIKOETXEA
MIGRANTEEN AURKAKO OLDARRALDIA AEB-N

Guardia Nazionala Los Angelesera bidali dute mobilizazioak zapaltzera

AEBko Gobernuaren politikari jarraituz, 118 lagun atxilotu zituzten iragan astean Los Angelesen, deportatzeko asmoz, eta polizia operazio horien aurkako mobilizazioak biderkatu egin dira azken egunetan. Honen harira, Donald Trumpek Guardia Nazionala hirira bidaltzea baimendu du, protestak zapaltzeko. Kaliforniako agintariek «sua pizteko» asmoa ikusten dute erabaki honetan.

Herritarren eta uniformedunen arteko liskarrak ugaldu dira Los Angeles hirian.
Herritarren eta uniformedunen arteko liskarrak ugaldu dira Los Angeles hirian. (Etienne LAURENT | AFP)

Donald Trumpek Guardia Nazionaleko bi mila agente Los Angelesera joatea baimendu du. Zehazki, ICE Mugako Poliziak egunotan egindako atxiloketen kontrako protestak zapaltzea da haien egitekoa. Izan ere, hilabete luzetan nahieran etorkinen aurkako razziak egin ostean, erresistentzia gero eta handiagoa aurkitzen ari dira herritarren aldetik, eta Pete Hegseth Defentsa idazkariak marineak bidaltzeko mehatxua ere egin du.

Migratzaileen aurkako polizia operazioen aurkako protestak Los Angelesen lehertu dira azken egunotan. 118 lagun atxilotu zituzten astelehenetik ostiralera, deportatzeko asmoz, eta Kaliforniako gobernuak atxiloketak «krudelak» direla esan du. Hala, ICEren operazioen aurkako protestak ugaritu dira, biztanle gehienak latinoamerikar jatorria duten Paramount udalerrian batez ere. Hainbat egunez elkarretaratzeak izan dira, eta larunbatean istiluek igande goizaldera arte iraun zuten. Auto bat erre zuten gutxienez, eta kontainerrekin barrikadak egin zituzten, Poliziari aurre egiteko.

Geroago, Los Angelesko erdigunean dagoen eraikin federala bihurtu zen manifestazioen erdigune, atxilotuak bertan preso daudela jakin ondoren. Espraiz margotu zuten eraikinaren kanpoaldean, eta Poliziak gasa jaurti zuen elkarretaratzearen aurka, manifestariek suziriak eta objektuak bota zizkietela egotzita.

KALIFORNIAREN KONTRA

Trumpen gobernuak «ordena» ezin mantentzea egotzi zien Los Angelesko alkateari eta Kaliforniako gobernadoreari. AEBko estatu handiena da, eta demokraten kontrolpean dagoen erakunde garrantzitsuena, ziurrenik. Egunotan bi administrazioen arteko tentsioak gora egin du. AEBko Justizia sailak Kalifornia erdialdean daukan behin-behineko fiskalak Guardia Nazionala beharrezkoa zela ziurtatu zuen: «Kaliforniako estatuak ordena eta segurtasun publikoa mantentzeko betebeharra du, eta uneotan ez da hori egiteko gai», esan zion Bill Essaylik “The New York Times” egunkariari.

Kaliforniak erabat ukatu du hori. Rob Bonta estatuko fiskal nagusiak adierazi zuen Los Angelesko Poliziak bazituela beharrezko baliabideak, eta Trumpen agindua «alferrikako eta kontraproduktiboa» zela.

Gavin Newsom gobernadoreak salatu zuenez, Trumpen agindua ez zen izan «polizia indarrak falta direlako, espektakulua eman nahi duelako baizik». Immigranteen aurkako operazioak ere kritikatu zituen: «Kaosa erein nahi dute, egoerak okerrera egin duen aitzakia izateko». Guardia Nazionala Los Angelesko kaleetan hedatzeak tentsioa areagotuko zuela eta «berariaz sua pizteko» helburua zeukala erantsi zuen Newsomek. Pete Hegseth Defentsa idazkariari, berriz, «zoro baten jarrera» izatea egotzi zion gobernadoreak, protestek jarraituz gero Armadako marineak bidaltzeko mehatxua egin zuelako.

Larunbatetik iganderako gauean Trumpek eskerrak eman zizkion Guardia Nazionalari «ondo egindako lanagatik». Sare sozialetan idatzi zuenez, «ezker erradikaleko protesta horiek, sarritan ordainpeko sustatzaileen eta bazter nahasleen eskutik, ez ditugu onartuko». Era berean, «aurrerantzean ez da onartuko maskarik janztea protestetan». Atzo goizean, baina, ez zegoen haien arrastorik Los Angelesko kaleetan. Egunean zehar lehen militarrak ikustea espero zen (Euskal Herria baino bederatzi ordu atzerago dago Kalifornia), eta protesta gehiago egotea.

Guardia Nazionala AEBko gobernadoreek deitu ohi dute, gehienetan urakanak, tornadoak, uholdeak eta antzeko hondamendi naturalak gertatzen direnean. Presidenteak egiteko, Guardia Nazionala «federalizatu» behar du, eta oso gutxitan gertatzen da halakorik. 1992an izan zen azken aldiz, orduan ere Los Angelesen. George Bushek deitu zituen, motor gidari beltz bat jipoitu zuten agente zuriak, bideoz grabatuta egon arren, absolbitu zituztenean lehertu ziren protestak zapaltzeko.

Agintea hartu zuenetik, ICE Mugako Poliziak milaka lagun atxilotu ditu herrialde guztian zehar egindako operazioetan. Hasieratik sare sozialetan izan dira lehen erresistentzia ekintzak, agenteak nondik zebiltzan ohartaraziz.

Azken egunetan, baina, erresistentzia zibil horrek kalera jo du behin baino gehiagotan. Kalifornian bertan, San Diegoko ICEko agenteei atzera eginarazten zieten herritarren irudiak milaka mugikorretan zabaldu dira. Berriki, herrialdeko beste puntan, Massachusettsen gertatu dira protestak. Duela bi aste 1.600 lagun atxilotu zituzten deportatzeko asmoz estatu horretan bakarrik, baina manifestariek zenbait atxiloketa eragoztea lortu zuten. Donald Trumpek egunero hiru mila lagun atxilotzeko agindu zien orain hilabete polizia agente federalei.