GARA
BILBO

Patronalaren blokeoa dela eta, grebara deitu dute Bizkaiko autoeskolek

Bizkaiko autoeskoletako langileek erabaki dute greba dinamika bati ekitea, zazpi negoziazio saioren ostean. ELA eta CCOO sindikatuek uztailaren 8, 16 eta 21erako greba deialdia egin dute «Apaviren jarreraren aurrean, patronalak ez baitu benetako edukirik eskaini langileen eskaerei erantzuteko».

Patronalak aurkeztutako proposamenak ez du KPIaren eguneratzea bermatzen eta ez du lanaldi murrizketaren inguruko neurririk jasotzen, nahiz eta sektoreko aldarrikapen nagusienetarikoak izan. Administrarien kasuan, berriz, aurkeztu duen lanaldi murrizketaren proposamena «ez da nahikoa, eta ez die langileen egungo lan karga eta kontziliazio beharrei erantzuten».

Apaviren soldata proposamena KPIaren «azpitik dago», sindikatuaren arabera: «2025erako %2,5eko igoera aurreikusten du, eta horrek 2024ko itxierako KPIarekiko erosahalmenaren %1,1eko galera suposatuko luke. Gainera, ez da inolako pausorik eman lan karga arintzeko, ezta kontziliazioa eta berdintasuna hobetzeko ere».

Azkenean, langileek azpimarratu zuten «grebara jotzea patronalaren borondate faltak ezarri duen beharrezko urratsa» dela eta, «egoera bideratzeko proposamen errealik ezean, mobilizazio eta greba egunen bidez sektorearen duintasuna», soldata justuak eta lanaldi bidezkoak exijituko dituztela.