Euskal preso eta iheslariak etxeratzearen alde, XII. Itsas Martxa egin dute Plentzian
Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko hamabigarren Itsas Martxa ospatu zuten atzo Plentzian. Urtetik urtera gero eta parte hartzaile gehiago dituen ekimenak bostehun lagunetik gora elkartu ditu aurten, eguraldia lagun. Egun osoko egitarauaz gozatu zuten, herri bazkaria eta kontzertuak barne, betiere errepresaliatuen aldeko aldarria zabaltzeko xedearekin.

Euskal preso eta iheslariak etxeratzearen aldeko hamabigarren Itsas Martxa egin zuten atzo Plentzian. Nere Zarragak NAIZ Irratiari bezperan azaldu zionez, «presoen aldarria hartu» eta egun osoko egitaraua antolatu zuten itsasadarrean, eta eguraldia ez zuten aitzakia izan ekimenez gozatzeko.
Plentziako Zubi Zurian abitu zen jardunaldia, eguerdian, ekitaldi nagusiarekin, eta 12.30ean abiatu zuten martxa hondartzara. Urteroko legez, martxa gidatu zuen ontzian kontzertua izan zen, eta aurten Xabi Solano aritu zen trikiti soinuekin giroa alaitzen. Joaldunak ere izan ziren, itsasadarraren ertzetik euren soinu ezagunarekin uretan zebiltzanak animatzen.
Guztira 120 piragua bikoitzek, 30 ontzi partikularrek eta herritarrek egindako bestelako hainbat padel edo ontzik egin zuten hondartzarainoko martxa, horietako gehientsuenek presoen aldeko ikurrak zeramatzatela. Lehorretik, euskal preso iheslari eta deportatuen aldeko herritarren mobilizazio jendetsuak lagundu zien.
Ikuskizuna oso ederra izan zen, eta plentziarrak ez ezik, kostaldeko herri eder horretara egun edo asteburu pasa jende andana joan zen.
Zarragak NAIZ Irratian azaldu zuenez, gero eta parte hartzaile gehiago ditu errepresaliatuen aldeko ekimenak, eta horren erakusgarri da eguerdian egin zuten herri bazkaria.
Iaz Palestinarekin elkartasuna adierazi zuten ekimenean, eta larunbat goiza iristerako aldarri hori berori jada presente zegoen Plentziako itsasadarrean, Palestinako bandera eta «askatasuna», elkarrekin eskutik doazen bi aldarrien murala egin baitzuten.
Eguna gogotsu hasi eta nahiko luzatu zuten, aldarria jai giroarekin uztartuz. Izan ere, arratsalde zein gauean kontzertuak izan ziren: Ostikda elektrotxaranga, Er Duende & Tonians, Toc, Kiliki eta Zipote Recordsen doinuek alaitu zuten gaua Astillero plazan.

Una familia de Errenteria, al borde del desahucio por confusión de nombres

Euskararen galera aldi baten hasiera islatzen du 2036rako proiekzioak

¿La solución es que dimita Pedro Sánchez? «Talvez não»

«Jasotzen ari naizen biolentzia Elizak oraindik duen indarraren adierazle da»
