GARA
DONOSTIA

«Ainda estou aquí»-k urteko film onenaren saria jasoko du Zinemaldiaren irekieran

Walter Salles brasildarrak Zinemaldiaren inaugurazio-galan jasoko du Fipresci Sari Nagusia “Ainda estou aqui” filmagatik. Eta Miyazakiren “Totoro auzokidea” Belodromoan ikusiko da.

Hainbat sari jaso duen film brasildarreko protagonistak.
Hainbat sari jaso duen film brasildarreko protagonistak. (ZINEMALDIA)

Zinemaldiaren 73. edizioaren hasiera gerturatzen ari den heinean, gure zinemaren hitzordu nagusiaren osagaiak jakinarazten ari dira. Atzo iragarri zenez, etorriko diren zinemagileen zerrendara Walter Salles brasildarra gehitu da. Sallesek berak jasoko baitu Fipresci Sari Nagusia inaugurazio-galan, irailaren 19an, aurten ehungarren urteurrena betetzen duen Zinema Kritikarien Nazioarteko Federazioko kideek “Ainda estou aqui / I’m Still Here” 2025eko film onena izendatu ondoren. Egun horretan bertan filmaren emanaldi bat programatuko da (ordu zehatza irailaren 8an iragarriko da).

Aurtengo bozketan 75 herrialdetako 739 kritikarik hartu omen dute parte, eta Brasilen eta Estatu frantsesaren arteko koprodukzio hau aukeratu dute, 2024ko uztailaren 1etik aurrera estreinatutako guztien artean. Filmak Rubens Paiva politikari brasildar ezkertiarraren familiaren historia kontatzen du, Brasil gobernatzen zuten militarrek hura bahitu eta 1971n hil zuteneko garaia.

“Ainda estou aqui” 2024ko Veneziako Mostran estreinatu zen, eta gidoi onenaren saria eskuratu zuen han, aintzatespen-zerrenda luze baten lehenengoa, besteak beste, nazioarteko film onenaren Oscar saria.

ANIMAZIO KLASIKOA

Bestalde, 6-11 urteko milaka haurrek aukera izango dute “Totoro auzokidea / Tonari no Totoro” (Hayao Miyazaki, 1988) animaziozko film klasikoaren emanaldiaz gozatzeko Belodromoan, Ikastetxeak Belodromoan ekimenaren -zinema eta zientzia uztartzeko jomuga duenaren- barnean. Zinemaldiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Euskadiko Filmategiak elkarrekin antolatuta, animazioko zinema japoniar klasiko hau euskarara bikoiztuta emango da Belodromoko pantaila erraldoian, eta euskarazko azpitituluak izango ditu gorrentzat eta entzuteko zailtasunak dituzten pertsonentzat.

Bestalde, Zinemaldiak familientzako animaziozko sei lan aurkeztuko ditu 73. edizioan. Zinemaldiaren lehen asteburuan eta bigarren larunbatean Haurrentzako Zinema saileko emanaldiak izango dira Principe zinema-aretoetan. Horiek guztiak euskarara bikoiztuta ikusi ahalko dira, Zineuskadiren lankidetzari esker, Zinema Euskaraz programaren esparruan.

Sarrerak 2 euroko prezioan eskuratu ahalko dira, fisikoki, eta aurten Zinemaldiaren eta Kutxabanken webguneen bitartez ere bai.