Kaiolako finalerako txartela eskuratu du Peio Etxeberria aldarrikatzaileak
Udaran CaixaBank Masterseko txapelketa nagusitik kanpo geratu zen Zenotzeko aurrelariak 9-22 irabazi zion lesio batetik iristen zen Jokin Altunari, Donostiako Atano III.a pilotalekuan, eta Lau eta Erdiko finala jokatuko du Zabalaren aurka hilaren 16an.

Peio Etxeberriak eta Javier Zabalak jokatuko dute hilaren 16an, Bilboko Bizkaia pilotalekuan, Lau eta Erdiko finala. Larunbatean errioxarrak eskuratu zuen txartela, eta atzo Zenotzeko aurrelariak osatu zuen finala Jokin Altuna kanporatuta (9-22).
Baliteke askok ahaztuta izatea edo garrantzirik ez ematea, baina gogoratu behar da Peio Etxeberriak bazuela arantza bat kendu beharra. Izan ere, udaran CaixaBank Masterseko txapelketa nagusitik kanpo utzi zuen Aspek, eta aurrelari nafarrak joko ederrarekin erantzun zuen, finalean sartuta. Bertan ezin izan zuen txapela eskuratu, baina argi esan zuen berak onenekin egon nahi zuela.
Bada, oraingoan, aukera bikaina izango du Lau eta Erdiko txapela eskuratzeko. Hirugarren finala izango du segidan, 2023an Altuna III.aren aurka eta 2024an Unai Lasoren aurka galdu ostean.
PEIO ETXEBERRIA, AISE
Peio Etxeberriak Ezkurdia menderatu zuen ligaxkako azken jardunaldian finalerdietarako sailkapena lortzeko. Altuna III.ak, aldiz, bertan behera utzi behar izan zuen Zabalaren aurkako norgehiagoka, errioxarrari multzoko lehen postua ‘oparituta’. Hala, amezketarra partida bat gutxiago jokatuta iritsi zen atzoko lehiara.
Eta partida gogorra izan zen, erritmo bizikoa. Faboritoa, berez, amezketarra zen arren, zenoztarrak ia hasieratik agintea hartu zuen. Ostegunean, pilota aukeraketan, Peio Etxeberria kexu azaldu zen «pilota baxuegiak» zeudelakoan, baina eroso aritu zen eta Altuna III.ak deseroso jokatzea lortu zuen, aurrean jokatzea zaildu zion, baita airez jokatzea ere, atzean jokatuarazi zuen eta 7-0ko partzial batekin 5-13 aurreratu zen. 5-12an, pilota jotzera joan zenean, Jokin Altunak Peio Etxeberriaren kontra talka egin zuen, eta epaileek, errepikatzea agindu beharrean, tantoa Zenotzekoari ematea erabaki zuten.
Biek egin zituzten tanto ederrak. Agian, nabarmentzekotan, Peio Etxeberriak 6-16 zihoazela egin zuen gantxo ikusgarria edo 9-20koan egindako bi pareta. 6-17 galtzen ari zela, Altuna III.ak sakea berreskuratu eta beste tanto bat egitea lortu zuen, baina, jarraian, huts egin zuen eta hor galdu zuen aukera on bat, agian azkena, partida birbideratzeko. Amezketarrak partida argiki desmoralizatuta amaitu zuen. Peio Etxeberriak, hunkituta, aitonari eskaini zion garaipen garrantzitsua.
FINALA ETA HIRUGARREN POSTUA
Peio Etxeberriak finala Javier Zabala errioxarraren kontra jokatuko du, azaroaren 16an, Bilboko Bizkaia frontoian, 17.00etan hasiko den jaialdiko bigarren partidan. Zenoztarra eta errioxarra lehen txapela lortzeko lehiatuko dira. 3. postua lortzeko partida, aldiz, Altuna III.ak eta Joseba Ezkurdiak jokatuko dute, Arrasaten, azaroaren 9an.

Zupiria emula a Erkoreka en no reconocer lo que se ve en imágenes

1. Kapitulua: Adierazpena

Una marea humana en Bilbo con la causa palestina y por la oficialidad

San Mamés retumba por la libertad de los pueblos vasco y palestino
