EDITORIALA

Israel: Benetako auzia Sde Teimango torturak dira

Iragan ostiralean, Yifat Tomer-Yerushalmi jenerala, Israelgo Armadaren aholkulari juridiko nagusi izandakoa, dimisioa ematera behartu zuten. Asteburuan desagertu zela zabaldu zuten hedabideek, are bere buruaz beste egin zuen hipotesia ere, eta ondoren atxilotu egin zutela jakin zen, Matan Solomosh koronelarekin batera. Tomer-Yerushalmik bere dimisio gutunean onartu zuenez, Sde Teimango atxilotze zentroan palestinar bati egindako torturak erakusten zituen bideo bat filtratu zion Channel 12 News kateari. Militar israeldarrek bortxatu egin zuten preso hura ipurditik makila eztendun bat sartuta, besteak beste. Ekintza horregatik bost erreserbista auzipetu nahi dituzte.

Tomer-Yerushalmik azaldu duenez, Sde Teimango gertakarien gaineko ikerketa militarren esku geratu zenean, itzaltzen zihoala ikusi zuen eta horregatik erabaki zuen filtrazioa egitea. Izan ere, orain jakin da Israelek torturatutako palestinarra aske utzi zutela urrian, torturen testigantzarik hartu gabe. Gainera, filtrazioaren ondoren, presio guztia salaketa egin dutenen aurka bihurtu da, eskuin muturraren mehatxu kanpaina baten bitartez. Sde Teimango ikaragarrikeriak leporatzen zaizkienek beren aurkako epaiketa bertan behera uzteko eta Tomer-Yerushalmiren aurka egiteko eskatzen dute.

Auziak iskanbila larria eragin du Israelen. Filtrazioak, alegia; ez torturek, ordea. Eztabaida alderdi sionisten eta eskuindarren arteko liskarraren parte da. Bide batez, Israelgo fiskal nagusi Gali Baharav-Miararen aurka egiteko ere baliatu du Gobernuak, Netanyahuren aurkako auziei eusteagatik etsai gisa ikusten baitu. Lehen ministroak esan du bideoaren filtrazioa «agian, bere fundaziotik, Israelgo Estatuak jasan duen eraso propagandistiko latzena» izan dela. Sionistentzat arazoa ez baita mundu osoak sumatzen zituen torturak eta gerra krimenak baieztatzea, baizik eta haien irudiak zabaltzea.

Genozidioaren itzalean, presondegietako torturen eta hildakoen albisteak gero eta ugariagoak direnean, honelako gertaera batek huskeria dirudi, baina genozidioaren, okupazioaren eta apartheidaren kontrako nazioarteko epaiketan, bai judizialean, bai politikoan, ale bat gehiago da. Horregatik, auzia Sde Teimango torturak dira, eta ez filtrazioa.