Armadak kontrola berreskuratu du eta Estatu kolpea zapuztu Beninen
Militar talde bat Patrice Talon presidentea kargutik kendu zuela esanez agertu zen atzo Beningo telebista publikoan. Berri agentzien arabera, armadak neutralizatu egin ditu presidentearen jauregiaren aurkako erasoan eta denak atxilotu. Egoera oso nahasia da.

Beningo telebista kate publikoan, Birfundaziorako Komite Militarrekoak zirela esanez, soldadu talde bat azaldu zen atzo goizaldean. Patrice Talon presidentea kargutik kendu eta boterea euren eskuetan hartu zutela, Konstituzioa eta instituzioak eten eta herrialdeko mugak itxi zituztela iragarri zuten. Estatu kolpearen notizia mundu osoan zabaldu zen, baita azkenaldian Afrikako eskualde horretan gertatutako hirugarrena izan zitekeela ere, Niger eta Burkina Fasokoen segidan, baina, nolanahi ere, ez zen zehatz-mehatz ezagutzen egoera zein zen.
Nazioarteko berri agentzien eta informazio espezializatua duen “Jeune Afrique” hedabidearen arabera, matxinoek Cotonu hirian presidentearen jauregiari eraso egin ziotenean gerarazi zituen armada erregularrak. Helikopteroak zeruan zebiltzala, Armadak berreskuratu zuen telebista publikoan bertan iragarri zuen Alassane Seidou Barne ministroak matxinoen atxiloketa. Eta aldarrikapen ofiziala munduratu zen: «Estatu kolpea zapuztu egin da».
SALAKETA IRMOA ETA OPOSIZIOA
Espero zitekeen legez, Afrikar Batasunak eta beste erakunde afrikar batzuek kolpea berehala eta irmo salatu zuten.
Baina kolpea emateko balizko arrazoien inguruan ezer gutxi dakigu. Ezagutzen da, ordea, hamar urte boterean egon den presidenteak galarazi egin diola oposizioari bere hautagaia aukeratzeko eskubidea, eta milaka benindar atxilo hartu eta erbestera behartu dituela. Ordezkoa ere hautatu du: Romuald Wadagni, bere Ekonomiako ministroa. Oposizioa ilegalizatuta, bere autoritarismoa agerian utzi du. Eta, agian, kolpea emateko balizko arrazoia.

El TEDH falla que París conculcó los derechos de Ibon Fernández Iradi

Agentes del «caso Zabarte» dicen que los proyectiles «cayeron de una bolsa»

Bazofia sintética disfrazada de noticia para hacer política facha

«Sartutako zuhaitzek milaka urte iraun dezakeen basoa sortu dezakete»
