Ane URKIRI ANSOLA
PILOTA

Jakak eta Iztuetak, «bete-beteko partida osatuta», bigarren puntua batu dute

Aurrelari lizartzarrak hamalau egindakorekin bukatu zuen partida eta pozik agertu zen, batez ere «lehengo asteko estropezua konpondu» izanagatik.

Martxel Iztuetak gogoz astindu zuen pilota Beotibarren, herritarren aurrean.
Martxel Iztuetak gogoz astindu zuen pilota Beotibarren, herritarren aurrean. (Jon URBE | FOKU)

«Lehengo asteko estropezua» konponduta, pozik agertu zen Erik Jaka, Tolosako Beotibarren hamalau tanto eder egin eta Binakako Txapelketan, Iztueta bizkartzain seguruak lagunduta, bigarren puntua lortu zutelako. Artola-Imazek baino bikote osoagoa egin zuten lizartzarrak eta tolosarrak eta horrek eraman zituen dema erabat menderatzera.

Jakak gozatu egin zuen pilotarekin, ongi sartzen zitzaion eskuan, hein handi batean Iztuetaren joaldiak ere bikote urdinean hutsuneak eragiten zituelako. Modu horretan, gorrien lehendabiziko zortzi tantoetako zazpi Lizartzako aurrelariak sinatutakoak izan ziren. Urdinei kosta egin zitzaien jokoan sartzea, Artolak behar dituen tanto garatu horien ateak muturren aurrean ixten baitzizkion Jakak. Imazek ere ez zuen erakutsi bere ohiko segurtasuna eta izandako tanto nekagarri apurretan akidurak erabat baldintzatu zuen, 13-3koan kasurako.

Gorriak agintzen joan ziren lehen atsedenaldi luzera (12-3) eta handik bueltan, kolpeak gehiago trukatu baziren ere, gorriek partida erabat kontrolatuta zutelako zantzua ez zen inoiz desegin.

IZTUETAK, LAU GORA

Lizartzarrak 13-4koan galdu zuen lehendabiziko pilotakada eta 14-5ekoan agertu zen Artolaren benetako sena, urrutitik gantxoa egin, bikote gorria hautsi eta jokaldia menderatuta. Hala ere, oldarraldi horrek ez zuen segidarik izan, Iztuetak 14-6koan huts egin ostean, Alegiako aurrelariak berak ere kanpora bota zuelako.

Tolosako atzelaria, partida erabat menderatuta zutela ikustean eta etxekoen babespean, pilotaz ere bete egin zen zenbait tantotan -azken txanpan hiru pilotakada bota zituen gora- baina, ordurako, bizigarri horiek beranduegi iritsi ziren urdinentzat.

Binakako Txapelketa hasi baino ez da egin, ordea. Jaka-Iztuetak bigarren puntua batu dute eta Elordi-Zabaletaren aurka jokatuko dute hurrengo jardunaldian; Artola-Imaz, puntu batekin, Zabala-Martijaren aurka arituko dira.