GARAZI CASTAÑO
BILBO
Elkarrizketa
AITOR GAMETXO
Zinemagilea

«Suposizio kutsu horrek ematen dio zentzua zinemari, bestela bistakoegia da»

Ama hil eta hamalau urtera, denborak ematen duen “abantaila” baliatuz, haren heriotzari buruz garai batean esan ez zituenak hitz eta irudietan jarri ditu Aitor Gametxok. Amaren objektuak baliatu ditu horretarako, dokumentalaren eta fikzioaren arteko mugarekin jolastuz. Zinebiko Estatuko film labur onenaren saria jaso du “Geratzen den hori” lanak.

(Marisol RAMIREZ | FOKU)

Etxe giroan, lagun eta senide artean, Zinebiko 67. edizioan aurkeztu du Aitor Gametxok (Lekeitio, 1989) “Geratzen den hori”. Aurkezpena, gainera, sariarekin batera iritsi da. Estatu espainoleko film labur onenaren saria jaso baitu film laburrak. Zinemagileaz gain, irakaslea ere bada Gametxo.

Mintegian lankideekin batera zegoela jaso zuen deia, saria jasoko zuela jakitean «saltoka jarri» zela kontatu dio GARAri. «Klixe bat dirudi, baina ez genuen espero. Inolako asmorik gabe egindako lana da alde horretatik». Filmarentzat albiste ona dela dio, baina nahiago du zuhurtziaz jokatu: «Sariak jasotzean gogoratu behar da zer gertatzen den jasotzen ez direnean ere. Nolabaiteko distantziarekin bizi behar dira».

«Inork ez zigun erakutsi hiltzen ari den gorputz baten ondoan egoten». Esaldi horrekin abiatzen da “Geratzen den hori”. Ama hil eta hamar urtera, 2021ean, hasi zen film laburraren bidea. Hasiera batean, nahiz eta amaren heriotza bat-batekoa edo espero gabekoa ez izan, norabide zehatzik gabe aurkitzen zen Gametxo. «Nire buruari galdetuta nola jarraitu bizitzen pertsona garrantzitsu bat galtzean, erantzuna ekintzan edo sormenean topatu nuen. Gaia abordatzeko tentazioa izan nuen behin baino gehiagotan, baina inoiz ez ziren inora iristen. Gauza efimeroak ziren. Hamar urte pasa zirenean erabaki nuen zerbait esanguratsua egitea». Lau urteren buruan eman du argitara lana. Horrelako momentuak urduritasunez bizi arren, oraingoan «inoizko lasaien» sentitu da. «Kasu honetan hain intimoa izan da kontatu dudana, nire burua gozatzen topatu baitut. Jendeak esandakoa jasotzen ibili naiz».

INDUSKETA EMOZIONALA

Abiapuntua amaren objektuak izan ziren. Hainbat etxe eta ganbaratan sakabanatuta zeuden argazki, tresna eta objektuak bildu zituen. «Hamar urte pasa eta denak batera bildu nahi izan nituen, ia ekintza baten moduan, eta ikusi zer gertatzen zen bertan. Eta hortik sortu zen filma egiteko hazia». Bilketa izan zen lehen pausoa. Horren ostean idazketari ekin zion, «hasiera batean oso modu desordenatuan. Objektu bakoitzak oroitzapen konkretu batera eramaten ninduen. Askatasun handiz idazteko unea izan zen». Idazketa libre horren ostean gidoiari ekin zion modu ordenatuagoan.

Bederatzi urte zituela, eta arrebak sei, diagnostikatu zioten minbizia amari. Garaian ulergaitzak ziren gauzak kontzientera ekarri zituen, nolabait: «Garai horretan ez dituzu gauzak ulertzen, ez ziguten nahikoa kontatu, gu babesteagatik agian, baina asko sufritu nuen. Isiltasunean, zalantza handiekin. Idazketarekin garai horretara itzuli nahi nuen, garai ilun horietara. Eta idazketaren bidez garai batean hitz egin ez nuen horren inguruan hitz egin».

Bilaketa lan horretan agertu zen, adibidez, lotsa. «Oso sentimendu fuertea da, berbalizatzeak ere mina eragiten zidan. Nola sentitu dezaket lotsa nire amarengatik, gertatu zaiona berak ez badu aukeratu?». Eider Rodriguezen “Eraikuntzarako materiala” lanean antzeko sentipenak topatu zituen isla moduan. Lotsaren ostean datorren erruduntasunarekin, «San Frantziskoko liburutegian Mari Luz Estebanen ‘Amaren heriotzak libreago egin ninduen’ poema liburua topatu nuen, letra larriz izenburua. Eta, ostras!, beste norbait ari zen gauza bera sentitzen eta mundura berbalizatzen. Horra heldu nahi nuen nik ere, hori arakatzeko». Bestelako ikerketa lanek, irakurketek eta pelikulek aberastu dute bere lana.

OBJEKTUEN ARKEOLOGIA

Bildutako objektu horiek dira filmaren elementu garrantzitsuenetarikoa. Erlojua, zigarro paketea, lore sorta lehorra, lurrin flaskoa... Protagonismo berezia dute, natura hil moduan aurkezten dira. Geldi, geldo. Amaren heriotzarekin haien bizitza ere gelditu izan balitz bezala. «Filma bada bere horretan objektu horiek erakustea, haien edertasuna topatzea eta nire oroitzapenekin duten lotura erakustea. Baina baita ere haien artean nola harremantzen diren arakatzea».

Argazkien kasuan nabarmen gertatu zitzaion hori. «Amak etxeko albumak osatzeko ardura hartu zuen. Oso interesgarria izan zen ikustea argazki bat bere horretan ez, baizik eta nola gordetzen zen argazki hori. Tolestua dagoen edo nola sortzen den ondoan gordeta dagoen argazkiarekin halako justaposizio bat, hala ordenatu direlako». Familiaren ibilbidea horren adibide da: «Gure etxean guztira lauzpabost album zeuden gordeta. Aitak bere albuma zuen, ama ezagutu aurreko argazkiekin, eta amak gauza bera. Hirugarren albumetik aurrera, ordea, albuma denok partekatzen hasi ginen. Hori deskubritzea gauza polita izan zen».

Hala ere, bere amak ez zuen argazkietan agertzea gustuko. Horrekin ere jolastu da zinemagilea. Roland Barthesen “La Chambre claire” liburuaren ideiari jarraikiz, filmean ama noiz eta nola agertu hausnartutako kontua da. «Barthesentzat apustua, literatura erabiltzen zuen neurrian, argazkirik ez erakustea izan zen. Nik horrelako izpiritu bat mantendu nahi nuen, ama erakutsi baina bere pudore hori mantendu. Bera agertzen den irudiak nola erakutsi ere pentsatu nuen».

Eraztunek rol garrantzitsu bat jokatu dute. «Behin amak nola janzten zituen imitatu zuen arrebak, eta keinua egitean, ia epifania bat bezalakoa izan zen oroitzea txikitan nola gustatzen zitzaidan bere eraztunak igurtziz lo hartzea». Amak medikura eramaten zuen karpeta ere agertzen da laburrean. «Bertan gordetzen zituen historia medikoak, baina baita arrebak egindako marrazkiak ere. Berak tartekatuta gorde zituen, eta horrela agertu nahi izan ditut. Arkeologia apur bat egin dut objektuak aurkitzerakoan». Objektuekin jolastu nahi izan du halaber, esperimentatu. Beste testu batzuen eta teknologien bitartez testuingurutik kanpo ere kokatu nahi izan ditu, «deskontestualizatu».

«NI EZ NAIZ ZURE AMA»

Nola gogoratu argazki edo irudi gutxi daudenean? Arazotik bertutea edo berezitasuna erein du Gametxok. Lana dokumentala da, «esango nuke entsegu zinema kategorian kokatu litekeela, irudiak erabiltzen dituelako gaien inguruko gogoetarako. Baina, aldi berean, irudiei buruz hausnarketa egiteko erabiltzen dira». Amaren irudi falta aukera moduan baliatu zuen fikzioan sakontzeko. «Pasarteak proposatu eta asmatzeko tartea ematen zuen. Zer gertatzen zen, adibidez, ama etxean bakarrik gelditzen zenean? Nik dantzan imajinatzen nuen. Kuriosoa da, proiekzioa igarota aitak esan zidan berak ez zuela sekula ama dantzatzen ikusi. Baina guk ez dakigu hori ezta? Ez dakigu zer gertatzen zen bakarrik zegoenean».

Fikzionatutako pasarteetan Agurtzane Intxaurraga aktoreak haragitu du Gametxoren ama. Oso modu ederrean gogoratzen du harekin lan egitea. Bat-bateko konexio baten antzekoa izan zen. «Bideo batean ikusi nuen bere proiektu baten inguruan hizketan; eta ikusi nuen zerbait, ile gorria akaso, harrapatu ninduena». Azkenean film laburrean parte hartzeko gonbidapena egin zionean Intxaurragak berak zehaztu zion nondik ekingo zion proiektuari: «Esan zidan bera ez zela nire ama, baina bazekiela zer zen hurbileko norbait galtzea, eta bertatik ekingo ziola azaldu zidan». Asmoa eta nahia batu ziren hasiera-hasieratik: «Nik ere argi nuen ez nuela ama errepikatzerik nahi. Nik ez nion esan modu batera edo bestera egiteko gauzak. Niretzat esanguratsuak ziren uneak eta ekintzak proposatzen nizkion; adibidez, eraztunak janztearena. Baina ez nion pautarik ematen». Amaren objektuak erabili ditu aktoreak. Ganbaran topatutako ileordea, eraztunak eta jantziren bat edo beste. «Oso erraza izan da berekin filmatzea, errespetu eta maitasun itzelez egin duelako lana».

BIDE PARTEKATUA

Aitor Gametxok sinatutako lana da “Geratzen den hori”, eta lan intimoa den arren, ez da bakarrik egindako ibilbide baten emaitza. «Sorkuntza prozesua partekatua izan da, gidoitik bertatik hasita. Elkarrizketa bat izan da eta galdera asko egin ditut familian». Batzuetan, oroitzapen desberdin edo kontrajarriak zituztela konturatu da edo gezurra zela Gametxok gogoratzen zuena. «Gustatzen zait horri lekua ematea, suposizio kutsu horri. Hor du zentzua zinemak, bestela gauza bistakoegiekin ari gara lanean».

Filmaren zati handi bat gurasoen etxean dago filmatua. «Etxea bere markekin, bere kontu guztiekin grabatzeko desira nuen. Baina aitaren espazio intimoa da eta errespetatu nahi nuen hori». Deskubrimendu berrietarako tartea ere egon da: «Arreba eta biok konturatu ginen gure txikitako etxeari aitaren etxea deitzen hasi ginela, eta guk etxe deitzen genion hori bi etxe desberdin zirela orain, bakoitzarena alegia».