GARA
BILBO

EAJk irabaziko luke Bizkaian eta EH Bilduk gora egingo luke foru inkesta baten arabera

Jeltzaleek irabaziko lituzkete berriro Bizkaiko foru hauteskundeak, eta Batzar Nagusietan eserleku bat edo bi gehiago eskuratuko lituzkete (24-25), Foru Aldundiaren enkarguz egindako azterketa batek azaldu duenez. EH Bilduk ere emaitzak hobetuko lituzke oposizioko lehendabiziko indar bezala, eta bi ordezkari gehiago lortuko lituzke.

Bizkaiko Batzar Nagusietako osoko bilkura bat.
Bizkaiko Batzar Nagusietako osoko bilkura bat. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

EAJk irabaziko lituzke berriz ere Bizkaiko foru hauteskundeak eta gaur egun dituen 23 batzarkideetatik 24 edo 25 izatera igaroko litzateke. EH Bildu bigarren indarra izango litzateke, eta 17 jarleku lortuko lituzke, 2023an lortu zituenak baino bi gehiago. Foru Aldundiaren enkarguz egindako iritzi publikoaren azterketa baten emaitzak dira. Aldundiak berak aurkeztu zituen atzo.

Ikerketaren arabera, baliteke PSEk bere zortzi batzarkideei eustea edo bat galtzea. PPk hiru ordezkari lortuko lituzke berriro, edo bat galduko luke. Sumarrek eta Voxek ez lukete eserlekurik eskuratuko.

Txostena Ikerfelek egin du. 3.002 telefono dei egin zituen 18 urtetik gorako biztanleen artean, 2025eko abenduaren 3tik 18ra bitartean. Azterketaren arabera, EAJk botoen %41,6 lortuko lituzke foru hauteskundeak orain egingo balira. 2023ko emaitzak hobetuko lituzke, botoen %39,2 lortu baitzituen orduan.

EH Bildu are gehiago igoko litzateke: azken foru hauteskundeetan botoen %25,5 eskuratu bazituen, orain %29,3 eskuratuko lituzke. Boto asmoa kontuan hartuz gero, gehien haziko litzatekeen indar politikoa da, inkestak jaso duenez.

PSE, ordea, botoen %16,2tik %14,3ra jaitsiko litzateke boto estimazioan. Eta PPk ere behera egingo luke: botoen %8,4 lortzetik %6,6 lortzera igaroko litzateke. Elkarrekin Podemosek botoen %7,4 lortu zituen aurreko foru hauteskundeetan. Oraingoan, jaitsiera nabarmena aurreikusten du inkestak: %2 baino ez luke eskuratuko eta egun dituen bi ordezkariak galduko lituzke. Voxek botoen %2 lortu zituen 2023an eta orain %2,2 lortuko lituzke. Beraz, batere ordezkaririk gabe geldituko litzateke.

ESKUALDEAREN ARABERA

EAJk bere ordezkariei eutsiko lieke Busturia-Uriben (sei), Durango-Arratian (bost) eta Enkarterrin (sei). Bilbon, sei diputatu izatetik zazpi edo zortzira igoko litzateke. EH Bilduk, bestalde, bere batzarkideei eutsiko lieke Busturia-Uriben (bost) eta Durango Arratian (lau). Bilbon eta Enkarterrin, hiruna ordezkari izatetik launa izatera igaroko litzateke.

PSEk ordezkari berak lortuko lituzke Busturia-Uriben (bat), Durango-Arratian (bat) eta Enkarterrin (hiru). Bilbon batzarkide bat galtzeko arriskua du. PPk bere ordezkaria mantenduko luke Busturia-Uriben, eta Bilbon lortutako bietatik bat gal lezake, baita Enkarterrin lortutako bakarra ere. Elkarrekin Podemosek, aldiz, Bilboko eta Enkarterriko ordezkariak galduko lituzke.

Inkesta horren arabera, abstentzioa %39,5ekoa izango litzateke, 2023koaren antzekoa (%39,9).