Auzitegi Nazional espainolak Zulueta eta Enparantza espetxeratzeko agindua eman du
Espainiako Auzitegi Nazionalak Arantza Zulueta eta Jon Enparantza abokatuak espetxeratzeko agindua eman du, Auzitegi Gorenak 13/13 sumarioaren esparruan ezarritako zazpi urte eta erdiko eta lau urteko zigorrak berretsi ostean.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko Laugarren Sekzioak Arantza Zulueta eta Jon Enparantza abokatuak espetxeratzeko agindu zuen atzo, hurrenez hurren 13/13 sumarioaren esparruan ezarri zieten zazpi urte eta erdiko eta lau urteko zigorretik geratzen zaiena betetzeko. Sumarioa CNIren esku hartzeek eta tortura salaketek markatu zuten, eta Auzitegi Gorenak urtarrilaren 7an berretsi zituen zigorrak.
Urtarrilaren 28ko data duen auto batean -EFE agentziak atzo arratsaldean zabaldu zuen-, auzitegi bereziak hamar egun natural eman dizkie, jakinarazpena egiten zaienetik, kartzelan sartzea gauzatzeko, eta ohartarazi die auto horretan erabakitakoa betetzen ez badute, epaia irmo betearaziko dutela, eta bilatzeko eta atxilotzeko aginduak emango dituztela, espetxeratzeko.
Bien defentsak Auzitegi Konstituzionalean errekurrituko du epaia, baina horrek ez du espetxe agindua geldiaraziko.
ESPETXERIK EZ ZURIARRAIN ETA SARRIEGIRENTZAT GORENAREN ARABERA
Auzi berean, Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegi abokatuak ere zigortu zituzten, eta Gorenak 3 urte eta erditik 2 urtera eta 3 urtetik urte eta erdira murriztu zizkien espetxe zigorrak, hurrenez hurren.
Horien kasuan, Auzitegi Nazionalak kondena eteteko eskaria egiteko aukera planteatu die, azken zigorra ez baita bi urtetik gorakoa.
Auzitegi Nazionalak 2022an zigortu zituen lau abokatuak, eta ontzat eman zuen «erakunde terroristako kide» izatearen akusazio fiskala. Zuluetaren kasuan, gainera, «helburu terroristarekin armak eta lehergaiak gordetzeagatik» kondenatu zuten. Epaiketa hartan absolbitu egin zituzten Julen Zelarain, Saioa Agirre eta Nerea Redondo.
Auzitegi Gorenak ontzat jo zuen Zulueta eta Enparantza zigortzea, eta partzialki onartu zituen Zuriarrainen eta Sarriegiren errekurtsoak, «haien erantzukizuna ez zelako hain larria» argudiatuta.
Epaiketan agerian geratu ziren irregulartasunak, hala nola CNIren jarduera nagusia, defentsa jarduketa guztien deuseztasuna erreklamatzera eraman zuena. Naia Zuriarrainen eta Saioa Agirreren tortura testigantzak ere entzun ziren aretoan.

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

Trump pretende sumirnos en las tinieblas: sentir en la isla

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
