GARA
BILBO

Bigarren konferentzia subiranista egingo du Gure Eskuk otsailaren 28an Bizkaia Aretoan

Gure Esku herri mugimenduak bigarren konferentzia subiranista egingo du otsailaren 28an, Bilboko Bizkaia Aretoan, “Burujabetza eta naziogintza lehian XXI. mendean” izenburupean.

Gure Eskuko Josu Etxeburu bozeramaileak atzo Bizkaia Aretoan bertan azaldu zuenez, «nabaria da nazioaren eta burujabetzaren ideiak bueltan direla, baina, kasu askotan, oinarri erreakzionarioei lotuta datozela gaur egun». Horregatik, itzulera hori zeren gainean eraikitzen ari den aztergai izango da bigarren konferentzia subiranistan.

Gure Eskuk iaz egin zuen lehen konferentzia, Irungo Ficoban, eta iragarri zuenez, ekimen hau urteroko agendan egonkortzeko asmoa du.

GOGOETA

«Naziogintzan eta burujabetzaren alde hainbat alorretan lanean ari garen eragile eta norbanako guztiok gogoeta egiteko eta iritziak trukatzeko espazioak eta momentuak behar ditugula, eta areago, bertako hausnarketak Euskal Herriko gainerako eragileekin eta, oro har, herritarrekin partekatu behar ditugula sinetsita gaude. Horixe izan zen iazko konferentziaren helburua, eta horixe izango da aurrerantzean ere», azaldu zuen.

Konferentziak urtero Euskal Herriko mugimendu subiranista zabal eta askotarikoaren bilgunea eta gogoeta gunea izateko bokazioa duela esan zuen Etxaburuk, «erronka erraldoiak dituelako herri honek, erronka horietarako burujabetza ezinbestekoa dugulako eta elkarrekin pentsatzea eta eztabaidatzea behar-beharrezkoa delako, gero elkarrekin jarduteko ere».