Nanoguneren Dorre Kuantikoa inauguratu dute, teknologia kuantikoen erreferentzia berria
Donostiako Ibaeta auzoan kokatzen den Dorre Kuantikoa inauguratu zuen atzo CIC Nanogunek. Teknologia kuantikoen Europako erreferentzia bilakatu da zabaldu berri den eraikina.

Imanol Pradales lehendakariak CIC Nanoguneren Dorre Kuantikoa inauguratu zuen atzo arratsaldean Donostian. Azpiegitura estrategiko honek Euskal Herriak teknologia kuantikoen Europako erreferentzia polo gisa duen posizioa indartzen du. Ekitaldian izan ziren, halaber, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Jon Insausti Donostiako alkatea, Javier Martinez-Ojinaga CIC Nanoguneko presidentea, Juan Ignacio Perez Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua eta Europako ikerketa zentroetako eta industria kuantikoko ordezkariak.
Pradalesek adierazi zuenez, «Nanogunek nanozientzian duen posizionamenduak aukera ematen digu aurrerapauso erraldoi bat emateko ‘Made in Euskadi’ teknologia duten konputagailu kuantikoen garapenean. Etorkizunerako zubia da». Gainera, azpimarratu zuen «subiranotasun estrategikorako zubia» dela, Ameriketako Estatu Batuen eta Txinaren mendekotasun handia dagoen eremu kritiko batean, eta «Euskadik Europaren eskutik lasterketa teknologiko globaletan parte hartzeko duen gaitasuna» indartzen duela.
Jose M. Pitarke Nanoguneko zuzendariak azaldu zuen 2009an zentroa sortu zenetik lortutako posizionamendua eta aintzatespena direla hardware kuantikoa garatzeko oinarria, eta teknologia propioko ordenagailu kuantikoak garatuko dituztela. Dorre Kuantikoan Nanoguneko hardware kuantikoko ikertaldeak du egoitza, Fernando Gonzalez-Zalba buru duela, eta Quantum Motion enpresarekin elkarlanean arituko da silizioan oinarritutako konputazio kuantikoko gailuak garatzeko.
ETORKIZUNERAKO TEKNOLOGIA
Dorre Kuantikoak 1.500 metro koadro inguru ditu, zazpi solairutan banatuta. Instalazioetan bi diluzio hozkailu daude, zero absolututik hurbil dauden tenperaturak lortzeko gai direnak, zarata termikoa murriztu eta efektu kuantikoak neurtu eta kontrolatzeko. Gonzalez-Zalbak nabarmendu zuen silizioan oinarritutako teknologia kuantikoek eskalagarritasun handia dutela, industria elektronikoaren azpiegitura aprobetxatzeko aukera ematen baitute.
Eider Mendozak CIC Nanoguneren ikerketa ibilbidea nabarmendu zuen, eta adierazi zuen Dorre Kuantikoa lehen mailako mugarria dela aurrerapen zientifiko eta teknologikorako, lehiakortasun ekonomiko eta industrialerako, eta gizarteari «ongizatea, segurtasuna eta indarra» emateko bidea dela «zientziaren eta ezagutzaren aldeko apustua» egitea.

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
