Asier ROBLES
BILBO

Iaz 84 lan heriotza gertatu ziren, azken hamarkadako kopuru handiena

Lan istripuz 84 euskal langile hil ziren iaz, eta ia 700 azken hamar urteetan. 2025eko Euskal Herriko laneko ezbeharren txostenean, laneko arriskuak eta prebentzio falta salatu dituzte LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek, eta patronalaren inpunitateari amaiera eman diezaiotela exijitu diete gobernuei.

LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek lan istripuei buruzko urteko txostena aurkeztu dute.
LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek lan istripuei buruzko urteko txostena aurkeztu dute. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Lan Arriskuen Prebentziorako Legea indarrean sartu zenetik 30 urte bete ziren egunean, atzo, LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuetako ordezkariek agerraldia egin zuten Bilbon, eta Euskal Herrian istripu kopurua etengabe handitzen ari dela ohartarazi zuten. Sindikatuok aurkeztutako lan istripuei buruzko urteko txostenaren arabera, 84 langile hil ziren lan istripuz iaz. Azken hamarkadako zifra altuena da.

Horietatik 50 EAEn hil ziren, 29 Nafarroan eta bat Ipar Euskal Herrian. Azken laurak atzerrian edo itsasoan hildako euskal langileak dira.

Sektoreka, nabarmendu behar da, besteak beste, hildakoetatik 22 garraiolariak zirela, 16 industriako langileak, 12 eraikuntzakoak eta 3 baso lanetakoak, besteak beste. 84 hildakoetatik 25 istripu ez traumatikoetan hil ziren.

GARRAIOLARIEN PREKARIZAZIOA AREAGOTZEN

Garraiolarien egoerak aipamen berezia jaso du txostenean, gero eta larriagoa baita: «Sektoreko langileek pairatzen dituzten baldintzak urtetik urtera gogortzen ari dira. Nazioarteko merkatuek, estatuen inongo babes neurririk gabe, lan baldintzak kaskartzen dituzte sektore eta lanbide globalizatu honetan. Nafarroan eta Gipuzkoan sektoreko hitzarmena 2008tik berritu gabe dago, honek dakarren prekarizazioarekin».

Fiteroko kasua jarri zuten horren adibide. 2025eko martxoaren 5ean 4 pertsona hil ziren bertan, bi kamioik aurrez aurre talka eginda. «Bi senar-emaztek gidatzen zituzten kamioiok. Laurek zuten garraiolari txartela, ibilbide luzeak egiten zituzten eta kamioietan bizi ziren. Gure errepideetan dagoen XXI. mendeko esklabotza motaren adierazle nabarmena da istripua, eta horren aurrean gobernuek neurriak hartu beharko lituzkete», adierazi zuen Hiru sindikatuko ordezkariak atzoko agerraldian.

DATU OFIZIALAK, ERREALITATETIK URRUN

Sindikatuek beren afiliazio sareen eta komunikabideen bidez izan dute heriotza horien guztien berri, baina gehiago izatea posible dela nabarmendu zuten, «administrazio publikoek emandako datuak ez baitira gardenak».

Sindikatuek salatu zutenez, Lakuako Gobernuak istripu hilgarrien kopuru garrantzitsu bat zenbatzeari uko egiten dio. Izan ere, sindikatuek identifikatutako 50 istripuetatik 30 baino ez ditu aitortzen. «Garraiolarien heriotzak, obra zibilekoak, heriotza ez traumatikoak edo in itinere edo in mision gertatutako hainbat ez dira kontuan hartzen. Kanpoan uzten dira istripua gertatu ez zen autonomia erkidegoan alta emanda ez dauden langileen heriotza guztiak», azaldu zuten sindikatuek.

Horren guztiaren aurrean, LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek argi utzi dute salaketa ekintzak egiten eta mobilizatzen jarraituko dutela, baita mutualitateen publifikazioaren aldeko borrokan ere, eta gobernuei eskatuko dietela Osalan eta Noploi zigortzeko gai izan daitezela eta Hego Euskal Herrian lan ikuskatzaile kopurua nabarmen handitu dezatela.