«Proiektu asko ditugu jada martxan, gure programa betetze aldera»
Joxerra Bengoetxea EHUko errektorea NAIZ Irratian izan da. Iragan urteko balantzeari begira, intentsitate handiko urtea izan zela eta gorabehera batzuk izan zituztela azaldu du, batzuk esperotakoak, besteak ez.

Azken urtean Euskal Herriko Unibertsitateak hainbat gorabehera pairatu zituen, itzalaldia edota aurrekontu falta, besteak beste. Joxerra Bengoetxea EHUko errektorea NAIZ Irratian izan zen atzo, datozen erronken berri eman eta egindako lanaren errepasoa egiteko.
Bengoetxeak 2025a «oso intentsoa» izan zela aitortu zuen, eta dezente gorabeherari aurre egin behar izan ziotela, batzuk esperotakoak, eta besteak ez. Dena den, errektorea baikor agertu zen egindako lanarekin. Programako hainbat punturi heldu eta erantzuna ematen asmatu dutela azpimarratu zuen. Besteak beste, ordezko irakasleak jardunaldi osoan kontratatzea eta, segurtasunari begira, Leioako campusean hasitako obrak. Orain gauzatzeko geratzen diren programako beste proiektuetan lanean ari direla azaldu zuen.
2025ean mediatikoki entzute handiena izan zuen elementua Lakuako Gobernuaren aldetik jasotzen den finantzaketa handitzearen eskakizuna izan zen. Bengoetxeak EHUn dituzten premiak eta beharrak ongi diagnostikatu dituztela azpimarratu zuen. «Behar horiekin kopuru bat kalkulatu dugu eta horrek aurreikusitako aurrekontua baino kopuru handiagoa eskatzen du», azaldu zuen.
Unibertsitate Legeak BPGren %1 unibertsitateetara bideratu behar dela xedatzen du; errealitatean inbertsioa kopuru horretatik urrun geratzen da, eta horren gainean galdetuta, Bengoetxeak helburu bat finkatzeko balio duela esan zuen, baina beraiek nahiago dutela begirada premiak zein diren atzematean eta horiei erantzuna ematean jarri.
2025ean ere enpleguaz eta beharrezko azpiegituren gabeziaz asko hitz egin zen, eta EHUk gainditu beharreko erronken parte izan dira. Enplegu aferaren barruan, ordezkoen gaiak hartu du garrantzi gehien, jada konponduta dagoen arazoa. Unibertsitate Legeak langile horiei jardunaldi osoa ezin zaiela eskaini jasotzen du, baina Bengoetxeak horren aurrean irakurketa zabalagoa egiten dutela azaldu zuen: «Uste dugu ikerketa edo kudeaketa irakaskuntzarekin lotuta badago, jardun osoa eman daitekeela».
Bestalde, diagnostikoan identifikatutako elementuen artean beharrezko azpiegituren gabezia edo egoera kaskarra ikusi zuten. Lan batzuk hasiak dira jada.
Azpiegituren artean, Basurtu inguruan eraikiko den Medikuntza Fakultate berria dago. Errektoreak lanak aurrera doazela bai, baina horiek bukatzeko data finkorik emateko gaitasunik ez duela azaldu zuen.
DIGITALIZAZIOA ETA ADIMEN ARTIFIZIALA
Bengoetxeak EHUren sail digitala «nahiko zaharkitua» geratu dela adierazi zuen, eta horri erantzuteko ibilbide orria abian dutela.
Orobat, atzemandako beste erronketako bat adimen artifizialarena da. Errektorearen ustez, ikasleei ezin zaie esan ez erabiltzeko, baizik «nola zukutu» erakutsi: «Ikuspegi kritikoa eduki behar da, eta gaitasunak landu hura erabiltzeko».
Irakaskuntzaren kalitatea aukera eta mehatxu horien aurrean «egokitzen» dutela azaldu zuen, eta, era berean, baliabide berriekin arduraz jokatzeko deia egin zuen.

«La decisión de restaurar en el trono a Reza Pahlevi es de Israel»

«Unea da kulturgintzan sortutako kontraesanei aterabide bat emateko»
ETB2: una anomalía lingüística que socava el uso del euskara
Es sencillo: siempre queremos que gane nuestro equipo, y en todo caso un vasco
