«Ulhaintsaren negarra», bidaia unibertsal bezain pertsonala
Jon Garmendiaren “Ulhaintsaren negarra” (Elkar) poema liburua bidaia bat da funtsean, bizi esperientziaren eta aldi baten bidaia bat, joan-etorri bat ere baduena. Arrazoi politikoengatik Urnietatik ihes egin behar duenean hasten da, eta nitasunetik kontatzen du iheslari bizitza unibertsala. Adiskidez inguratuta eta eskerrak emanez aurkeztu zuen obra, eta Ortzi Oihartzabalen biolin doinuek lagunduta errezitatu zituen poemak.

Jon Garmendiak amari eskaini dio “Ulhaintsaren negarra” (Elkar) poema liburua. Ordura arte ez zekien, eta xumeki erran zion: «Ama, nire etxea zu zara». Ortzi Oihartzabal biolin jotzaileak, aunitz maite duen Euskadiko Orkestrako lagun uztariztarrak, lagunduta errezitatu zituen poemak.
“Iheslariaren giltza”, adibidez: «Etxeko atea azken aldiz itxi eta bazoaz,/ presaka zabiltza, urduri zaude/ begirada bat etxe atariari, zure bizitzaren testiguari./ Hazten ikusi zaitu berak, ahazten ikasi behar duzu zuk,/ aurrerantzean bera bezain isilik ibiltzen./ Inoiz ez bezala begiratzen diozu, urteetako maitasuna kondentsatuz,/ amultsu./ Baina atea gakotu duen giltzarekin zer egin, hortxe galdera./ Eskuetan duzu erreminta txikia,/ behakoa ematen diozu, zalantzak bizkarrezurra hotzitzen dizun bitartean./ Bi aukera dituzu:/ sarrailan ezarrita utzi etxeko norbaitek erabil dezan/ edo zurekin eraman, munduko azken puntan oroit dezazun oraindik zure zain dagoela berriro ireki behar duzun atea».
Maider Ziaurriz urnietarrak -itzultzailea, literatur kritikari ere izana- txukundu ditu Garmendiaren poemak. Elkarreko Xabier Mendigurenek editore lan xumea egin du, eta nagusia Ziaurrizek.
INTIMITATEA BILUZIZ
Liburua bidaia bat da funtsean. Arrazoi politikoengatik Garmendiak Urnietatik ihes egin behar duenean hasten da, eta iheslari bizitza, ezkutuan bizi beharra eta kartzela agertzen dira. Berezitasuna da ibilbide horretan politikak zerikusia izan arren, ideiak eta ideologiak baino, esperientzia pertsonalak jasotzen direla poemetan.
Ziaurrizekin batera, Garbiñe Larrea herrikidea ere eskertu zuen emandako laguntzarengatik. «Intimitateak biluztea ez da erraza», aitortu zuen. Juan Gorritiri ere adierazi zion esker ona, azaleko ulhaintsa ederragatik. Txoria da. «Etxetik joanda etxeak topatu ditut. Aterpetu ninduten etxean ikasi nuen ulhaintsa zer den», azaldu zuen. «Odisea honek gauza onak eta txarrak ditu». Ipar Euskal Herriko lagunak ondoan izan zituen aurkezpenean, Eneko Bidegain eta Oihartzabal bera.
EXILIO ERRALDOI BAT
Unibertsala da etxetik alde egin behar hori, motibo ezberdinengatik. Parisen gertatu zitzaion pasadizo bat kontatu zuen. Bizi zen tokian metroa ia egunero zeharkatzen zuen eta biolin jotzaile bat ikusten zuen. Txanpon batzuk utzi zizkion, eta hark itzuli. Mundua exilio erraldoi bat dela erran zion, eta Piazzollaren tango bat jo, Oihartzabalek ekitaldian jo zuen bera.
Osaba Jabi ere han izan zen, eta poetak amak, osabak, diktadurako galtzaile handiek, izandako bizipenak aipatu zituen. «Aurretik ere egon da lur zahar honetan halako hainbeste drama, dolu eta irudi».
Eskuz idatzi izan ditu poemak, leku aunitzetan. «Paper sail handi bat neukan, oraindik badut. Ikusten nuen ezin zirela kantuak izan. Oso nireak ziren, inguruari gertatuak».
Xabier Lete amaren laguna zela oroitu zuen. «Kartzelan nengoela idazten zidan, harreman epistolar hori eduki genuen, eta nahiko nuke liburuan bertan irakurtzea jendeak, egunetik eta gauetik, Xabierrek esaten zuen bezala. Ez nator kontakizun bakar bat egitera ere, baina hau gertatu egin da. Bakoitza bere oinetatik ulertu behar da eta handik ibili, amak esaten duen bezala», agertu zuen liburua irakurtzera gonbidatuz.
Jon Garmendiak (Urnieta, 1972) ibilbide luzea egin du abestientzako hitzak idazten, batik bat Xabier Solanorentzat eta Etzakit taldearentzat. Prentsako zutabeak ere egiten ditu, bertzeren artean GARArako.

«Unea da kulturgintzan sortutako kontraesanei aterabide bat emateko»
Es sencillo: siempre queremos que gane nuestro equipo, y en todo caso un vasco
17 de marzo, huelga general

«Intentaremos acercar el Consistorio a la ciudadanía todo lo que podamos»
