Arnaitz GORRITI
BINAKAKO TXAPELKETA 2026

«Aurreko txapelketakoa» «berrian» ere errepikatu dute Lasok eta Albisuk

Jakak eta Iztuetak partida gogortzea lortu zuten, eta 9-11raino norgehiagoka parean mantendu zuten, beren pilotari esker. Alabaina, 10-11koa ezin izan zuten egin eta 9-19raino alde egin zieten urdinek; partida handik joan zitzaien azkenean.

Lana beltz egin eta gero pilatu zuten finalerdietako aurreneko puntua Lasok eta Albisuk.
Lana beltz egin eta gero pilatu zuten finalerdietako aurreneko puntua Lasok eta Albisuk. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

«Gure sekretua da ez dugula tanto bakar batean ere etsitzen. Lanerako gaude Jon Ander [Albisu] eta biok eta tantoak gogortzeko ez dugu beldurrik. Horrela jokatu behar dugu, gainera», esan zuen Unai Lasok atzo Binakako Txapelketako finalerdi hauen aurreneko jardunaldia amaitzeko partida irabazi ostean. Jakak eta Iztuetak lana beltz egin zuten, eta lan eginarazi zieten Laso eta Albisuri, baina partidaren erditik aurrera alde handia atera zuten urdinek.

9-11raino oso berdinduta joan zen dema, eta 10-11koa ez zuten urruti izan gorriek, baina goregi joan zitzaion pilotakada Jakari eta, ohartzerako, 9-19raino alde egin zuten Lasok eta Albisuk. «Hau txapelketa berri bat da eta orain arte egindakoak ez du ezertarako balio», esan zuen Albisuk partidaren bezperan; hala ere, garbi geratu zen atzo ere ligaxkan egindako lan ona finalerdietan ere berresteko kapaz direla Bizkarreta-Gerendiaingoa eta ataundarra.

Horrek beste inor baino faboritoago bihurtzen al ditu Laso eta Albisu txapela lortzeko lehian? Baietz esatea asko arriskatzea baldin bada, ezetz esatea ere ez da erremedio hobea, ikusitakoak ikusita.

Iztuetaren aurka «bi baten kontrakoa» egiten aritzeko beldur zen Jaka partida hasi aurretxoan, eta ez zitzaion arrazoirik falta izan. Nolanahi ere, Lizartzako aurrelaria gogotik saiatu zen jokoa nahasten eta Jaka zein Albisuren potentzia handiko pilotaren eginbehar hori nolabait korapilatzen. Alabaina, nahikoa arin atera zuten aldea Lasok eta Albisuk, eta 1-5 aurrera egin zuten.

1-5ekoarekin atsedena eskatu zuten Jakak eta Iztuetak, baina 1-6koa ezker gantxoz amaitu zuen Unai Lasok, eta hurrengo errematea txapapera bota.

Otarrean pilota biziagoa aurkitu zuten Jakak eta Iztuetak eta, antza denez, arnasaldia ere eman zien pilota aldaketa horrek partidaren erdialdera arte.

Atzeko koadroetatik Iztuetak errazago gainditu ahal izan zuen Laso, eta Jakak berak ere errematean sartzeko tarte handiagoa aurkitu zuen, baita aukera izan zuenean amaitu ere, aitaren batean 5-6 eta 9-11 hurbiltzeko.

Baina 9-11 hurbildu eta 10-11koa egitear izan ostean, Laso eta Albisuren defentsak Jakaren hutsegitea behartu zuen eta aurreneko atsedenaldira 9-12 iritsi ziren partida irabazteko faboritoak. Nolanahi ere, partidari sekulako arriskua ikusten zitzaion orduan ere.

NONDIK ERASO URDINEI?

Dena ezin bikain egin eta bikote gorriari gogotik damutu zitzaion 10-11ko tantoa amaitu ez izana. Pilota aldatu zuten berriro urdinek eta suziriaren pare aldendu ziren. Zela zortez, zela tantoa ondo landuta, zela defentsan lan eginda, tanto bolada ikusgarria pilatu zuten beste behin Lasok eta Albisuk.

Gaizki edo animoz eskas aritu ote ziren ba Jaka eta Iztueta? Ezta gutxiagorik ere! Lizartzako aurrelariak amorru galanta sentitu zuen pare bat tantoren ostean, egintzat jotzen zituen tantoak urdinen aldera erori zirelako. Iztuetak ere nahi baino gehiagotan ikusi zion bizkarra Albisuri, baina «bi baten kontrako» horretan ez zuen hasieran uste bezainbeste sufritu, ezta gutxiagorik ere. Alabaina, non eta nola sartu tantoa urdinei?

9-18koa ere gogorra izan zen gero! Izan zuten Jakak eta Iztuetak aukeraren bat, baina tantoa menpean hartu zuen Albisuk eta dantzan erabili zituen Lasorekin batera bai Jaka, bai Iztueta eta, azkenean, bederatzi eta erdian baztertu zen pilotakada batekin amaitu zuen Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelariak. Areago, 9-19koa ere egin zuten azkenean urdinek.

Hala ere, gorriek ez zuten etsi eta 13-20raino ekarri zuten neurketa, Iztuetak atzean sartu zuen tantoaren ostean. Atsedenaldia eskatu zuten urdinek orduan, baita nahikoa zela erabaki ere. Zabalean egin zuen azken-aurrekoa Lasok eta azkena, berriz, atzean sartuta. Finala oraindik urruti dagoen arren, pauso handia eman du Binakako Txapelketako orain arteko bikote onenak.