«Kontziente naiz daukadan aukeraz, baina helburu nagusia disfrutatzea da»
Laia Puigdefabregas ziklista nafarrak urte berriarekin batera Massi-Baix Ter taldearekin kontratua sinatu du. Aurtengo helburuez mintzatu eta zenbait hausnarketa sakon utzi ditu NAIZ irratian, berriz ere errepidean lehiatu aurretik: «Egunero pilula bat hartu behar dut kirola egiteko; beraz, bizikleta gainera igotzen naizenean gozatu egin nahi dut».

Laia Puigdefabregas gaztea da oraindik, baina badu zer esana, errepidean zein errepidetik kanpo. Emaitza aski onak lortu ditu azken urteotan: Espainiako txapeldunorde izan da erlojupekoan, eta Sopelan eta Seguran irabazi du, esaterako. Dena den, osasun arazo bat eta motibaziorik eza galga izan ziren 2024. urtean, eta, ondorioz, ez zen lehiatu. Beste aukera bat izango du aurten, Massi-Baix Ter Kataluniako taldearekin kontratua sinatu baitu, eta bere ibilbidea ikusita argi du zein den helburua: «Bizikleta gainean disfrutatu nahi dut; zoriontsu izan».
Talde berri batera iritsi zara, Kataluniako Massi-Baix Ter taldera. Nola gauzatu da fitxaketa?
Aurreko denboraldiaren hasieran taldeko zuzendariak esan zidan nire lehiatzeko modua gustatzen zitzaiola. Hori izan zen lehenengo kontaktua, eta hurrengo urterako zer asmo nituen galdetu zidan. Une horretan nire lanean zentraturik nengoen; hortaz, ez zen harago joan. Irailean, ordea, bigarren elkarrizketa bat izan genuen, eta taldearekin sinatzea erabaki nuen proiektuak erakarri ninduelako.
Nola hartu zaitu taldeak?
Oso ongi. Kontzentraturik egon berri gara, eta oso gustura egon naiz, taldekideekin eta staffeko lantaldearekin. Hori aski ez, eta Maier Olano eta Nahia Imaz euskaldunak taldekide ditut; horrek egokitzapen prozesua erraztu du, seguru.
Zer helburu ditu taldeak?
Helburu nagusia talde gisa aurrera egitea da. Hori lortzen badugu, emaitza onak lortuko ditugu; beraz, horiek aipatuko nituzke. Zuzendariek, bestalde, UCI kategoriara itzultzeko asmoa dute, baina nik zaila deritzot. Izan ere, diru asko behar da, eta gu ez gaude egoera horretan.
Oso talde gaztea zarete. Nola eragingo du horrek?
Ez dut uste eragin handirik izango duenik. Gazteak gara, bai, baina esperientzia dugu; urte nahikotxo daramatzagu honetan.
Taldearen helburuak behin azterturik, zer erronka dituzu?
Topiko bat izan daitekeen arren, nire helburua disfrutatzea da. Kirolariok asko aipatzen dugu hau, baina askotan disfrutatzea kostatzen zaigulako esaten dugu. Badakit non nagoen, oso kontziente naiz dudan aukeraz, baina hori da lehentasuna. Noski, serio hartuko dut eta txapelketetan ahalik eta emaitza onenak lortu nahi ditut. Horiek, helburuak. Ametsak ere baditut. Jakitun naiz zein zaila izango den Mundialetan lehiatzea, baina hori da ametsa eta bertan lehiatzeko lan handia egin beharko dut.
Kirol egutegia zehaztuta duzu? Non gehiago ikusiko zaitugu?
Denboraldiaren lehen zatia itxita daukat, baina hortik aurrera badut zer hitz egin zuzendariekin, ez baitugu oraindik egutegia zehaztu. Hala eta guztiz ere, Euskaldun txapelketan ibiliko naiz, eta Frantzian zein Italian baditugu zenbait lasterketa. Horiek gainditurik, ikusiko dugu zer datorren.
Espainiako txapelketa, munduko txapelketa...
Espainiako txapelketari dagokionez, iazko bigarren postua errepikatzea zaila izango da; ibilbidea eta lehiakideak izango ditut oztopo. Dena den, ikusi beharko dugu nola iristen naizen; hori izango da aukerak ba ote ditudan neurtzeko tresna. Munduko txapelketa, esan bezala, aurtengo ametsa da.
Iazko kirol urtean ongi ibili zinen; Euskaldun txapelketan hiru lasterketa irabazi zenituen: Segura, Elgoibar eta Sopela. Pozik?
Urte oso positiboa izan zen, eta ez lortu nituen garaipenengatik. Motibazio gabeko denboraldi batetik nentorren, eta Ruben Alonso entrenatzaileari esker berreskuratu nuen lehiatzeko gogo hori. Berriz horrela sentitzea izan zen urteko garaikurrik handiena.
Emakumezkoen etorkizuneko tourrean korritzeko aukera ere izan zenuen. Dena den, eroriko batek esperientzia gazitu zuen, ezta?
Niretzat katastrofikoa izan zen; ez nuen egun onik izan eta asko sufritu nuen. Bitan edo hirutan erori nintzen, eta horrek erretiratzera eraman ninduen. Horiek esanda, lasterketan aritzeko aukera ikaragarria izan zen.
2024an, ordea, apenas ibili zinen.
2021 edo 2022an, nire ahizparekin entrenatzen ari nintzela, bihotzak behar baino azkarrago taupa egiten zidan. Ezohiko egoera hori egunero sufritzen hasi nintzen. Hortik hiru urtera takikardia paroxistikoa diagnostikatu zidaten. Mediku batek esan zidan sei hilabetez kirola egin gabe egon behar nuela, taupadak 100dik behera mantenduz. Horren ondoren, beste mediku batekin bildu nintzen, eta geroztik egunero pilula bat hartu behar dut. Egiari zor, ez da egoera ideala, baina lehiatzeko aukera ematen dit.
Epe laburrean zer asmo dituzu? Zein izan daiteke zure ibilbidean hurrengo urratsa?
Zintzoki, profesionaletan aukera izatea da helburua, edo, hori gustatuko litzaidake behintzat; izan etxeko talderen batean edo izan beste edozeinetan, hamaika talde on baitaude. Badakit, halaber, hori lortzeko faktore asko nire alde izan behar ditudala; tartean, zortea. Beraz, egiten dudanarekin zoriontsu izaten jarraitu nahi dut, lasai egon neure buruarekin.

«Unea da kulturgintzan sortutako kontraesanei aterabide bat emateko»
Es sencillo: siempre queremos que gane nuestro equipo, y en todo caso un vasco
17 de marzo, huelga general

«Intentaremos acercar el Consistorio a la ciudadanía todo lo que podamos»
