DAM , Imarhan eta Merina Gris, 30. EHZ-ko lehen izenen artean
Euskal Herria Zuzenean festibala bete-betean sartu da bere 30. urteurrenean. Helmuga ekainaren 26a du, egun horretan abiatuko baita, eta dagoeneko lehen izenak jakinarazi dituzte: nazioartetik, DAM eta Imarhan eta, Euskal Herritik, Merina Gris, Bele eta Silitia.

Arberatze-Zilhekoan ospatuko da ekainaren 26tik 28ra Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren 30. edizioa, “Geroaren lehen notak” lelopean, eta atzo eman zuten antolatzaileek edizio berezi honetako lehen taldeen eta ikusgarrien berri: nazioartetik DAM palestinarrak eta Imarhan aljeriarrak izanen dira jaialdian, eta etxekoen artean hiru taldeok iragarri dituzte: Merina Gris, Bele eta Silitia.
DAM da, seguruenik, Palestinako lehen hip-hop taldea, baita arabieraz rapeatzen duten lehen artistetakoak ere. Hirukotearen izenak arabieraz eta hebreeraz «odola» esan nahi du, baina «Da Arabic MCs»-en akronimoa ere bada. Behin baino gehiagotan izan dira Euskal herrian; Fermin Muguruzarekin eta 40 Minutu Rock jaialdian, kasu.
Imarhan Aljeriako tuareg musika taldea da, 2006an Tamanrasseten sortutako desertuko rock seikotea, eta taldearen izenak «elkar maite dutenak, elkar hartzen dutenak eta zintzoak direnak» esan nahi du.
Euskal taldeei begiratuta, Merina Gris, Lide Hernandoren Bele proiektua eta Silitia bikotea arituko dira Arberatzeko zelaietan.
Ohi bezala, egun osoan zehar askotariko arte diziplinen programazioa izanen da Arberatzen. Cordcore eta Olaya Sound Systemen kontzertuak, Bilakaren Dirau eta Maitane Sarralderen “Madre selva” dantza ikuskizunak eta Gaizka Chamizoren “Heroiaren mina” antzezlana; horiek dira EHZko antolatzaileek iragarri dituzten aitzineko hitzorduak.
Haurren txokoak ere programazio propioa izanen du, eta, duela urte batzuk egin zen bezala, zenbait ikuskizunen aterpe izanen den zirku karpa bat ere ezarriko dute.
Jaialdiko elikagai eskaintzari dagokionez, bada berritasunik. Elikadura burujabetzaren ildoan sakontzeko, Ipar Euskal Herriko laborari eta garagardogileek sorturiko Herriko Garagarnoa salduko dute bertan.
Jadanik entzungai daude EHZko laguntzaileek jaialdiaren ibilbideari buruz sorturiko “Uhinen ildoan” podcastaren aitzineko bi atalak, bai jaialdiren webgunean, bai audio plataformetan, bai eta Arrosaren webetan ere.
Bestalde, azken urteko ildo beretik, gazteen arteko harremanak sustatzeko tailerrak emanen dituzte Usurbilen, bertako Udalarekin eta Arrobitxulo proiektuko kideekin elkarlanean.
Hiru egunerako bonuak salgai jarri dituzte berriz Ehz.eus webgunean, 43 euroan apirilaren 1era arte. Hortik aurrera, 53 eurora igoko dira.
PROIEKTU BERRIAK BIDEAN
Hiru hamarkada beteko dira aurten Euskal Herria Zuzenean festibala Arrosako Sohatia pentzean sortu zenetik. Ez da nolanahiko urtemuga, baina argi utzi dute ez dela «nostalgiarako tenorea». Hain zuzen, etorkizunari so jarri da elkartea, “Geroaren lehen notak” leloa ezarri baitio urteurreneko proiektuari.
Urtemuga berezia dela eta, hiru sorkuntza proiektu jarri ditu martxan EHZk. Podcasta izan da plazara atera den lehenengoa, otsailaren 3an kaleratu baitzen lehendabiziko atala, eta hemendik ekainera bitartean NAIZ Irratian eta Euskal Irratietan entzuteko aukera izanen da, besteak beste. «EHZren historiako mugarriak eta oraingo festibalaren B aldea» ezagutzeko parada izanen dute entzuleek podcastaren bidez.
Udaberrirako ezarri du hurrengo hitzordua jaialdiak, orduantxe argitaratuko baitu «festibaleko protagonisten lekukotasunen bidez Euskal Herria Zuzenean-en ibilbidea aztertuko duen argazki ugariz hornitutako liburua».
Azkenik, jaialdiaren bestondo emozionala baretzeko lagungarria izanen da dokumentala; 2026ko udazkenean «iritsiko da pantaila handira gaur egungo EHZko antolatzaileen gogoetak, ametsak eta arrangurak ardatz izanen dituen filma».
30 urteotan eginiko lan handia hainbatetan nabarmendu dute antolakuntzako kideek: argi dute EHZ ez dela beste proiektu batzuen moduan fosilizatu daitekeen egitasmo bat, eta horretan transmisioak eta belaunaldi aldaketak izandako garrantzia nabarmendu dute.

«Unea da kulturgintzan sortutako kontraesanei aterabide bat emateko»
Es sencillo: siempre queremos que gane nuestro equipo, y en todo caso un vasco
17 de marzo, huelga general

«Intentaremos acercar el Consistorio a la ciudadanía todo lo que podamos»
