Ane URKIRI ANSOLA
DONOSTIA
[ IMANOL ALVAREZ ]

Gizarte eta kirol likidoan bermea eskainita, lehen lerroa uzteko bulkada sentitu du

(Oskar MATXIN | FOKU)

Hor, mahaian, egongo zinela pentsatzen nuen», esan dio Imanol Alvarezek Maitane Etxeberriari, besarkada estu bat eman aurretik. Ermuarraren gidaritzapean egin zuen debuta Lezoko harribitxiak, teknikariak Bera Beran egin zuen lehendabiziko etapan. 15 urte zituen orduan Etxeberriak; joan dira jada 12 urte, eta kapitain bilakatu da eskarmentu handiko hegalekoa. Azken hamarkadako Bera Bera nekez uler daiteke Imanol Alvarez gabe; «baina banekien une hau iritsiko zela», onartu zuen Tati Garmendiak. «Bera Berak izan duen teknikari onena» izateaz gain, «konfidentea» ere izan da donostiarrarentzat, hein handi batean, klubeko balioek eta erronkek batu dituztelako.

«Imanol Bera Bera da», esan zuen, hunkituta, ahots dardartiz Garmendiak -halakoetan egin ohi duen eran-. 2013an partekatu zuten lehen deia Garmendiak eta Alvarezek, Bera Beraren geroa aldatzeko konbentzimendu osoz, «apustu arrikutsua» izanagatik ere. Zintzoa izan da Alvarezen eta Bera Beraren arteko harremana. Lehen denboraldian Estatu espainoleko titulu guztiak irabazi zituen arren, ermuarrak bere barrenari entzun zion, pertsona arrakastaren aurretik jarri eta herrira itzultzeko, Errotabarrira.

Garapena izan zuen Bera Berak bitarte horretan ere, eta ez zion irabazteari utzi. Halere, Imanol Alvarezek eta klubak zuten feeling horren hutsunea sumatzen zen. 2018an Bidebietara itzuli zenean nabaritu zen elkarren falta izan zutela.

GIZARTEAN ALETXOA JARRITA

«Bera Berak on egin dit», esan du kluba 17 titulu irabaztera gidatu duen lemazainak, taldea Europan ahalduntzera eraman duen teknikariak -Txapeldunen Ligan eta EHF European Leaguen historia eginda-. Ondo entrenatu, ondo jokatu eta irabazteaz gain, «klubaren bitartez beste balio batzuk helarazteko erronka ere izan dugu. Gizartean nire aletxoa jarri nahi izan dut klub honen bitartez; klub honek ordezkatzen dituen eta hain ohikoak ez diren balio horiek helarazi ditugu. Hori izan da nire lait motiv-a».

Gehienetan itzaletik aritu izan da balio horiek helarazten. Bere izaeran oso barneratuta dagoen jarrera baita. Sarri agertu izan da euskararen aldeko aldarriekin elastikoetan, eta gaztelerazko adierazpenetan saiakera aktiboa egin du «nosotros» hitzaren partez «nosotras» erabiltzeko, taldearen oinarria emakumeak baitira. Sareetan gutxi esanagatik ere, ez zen isilik geratu palestinar herriarekiko elkartasuna adierazteko orduan, A Guardan Palestinako banderarekin argazkia atera ostean: «Horrelako une batean, genozidio baten aurrean, ezer ez esatea ere politika egitea baita».

Gizarte likido honetan, ziurtasuna, bermea eta kolektibotasuna kontzeptuekin osatu du Bera Bera Alvarezek. Leialtasunaren kontzeptua txertatu du Tati Garmendiak bere komunikatuan. «Entrenatzaile eredugarria izan da; irabazten eta galtzen jakin duelako, aitzakien aurrean -epaileak edo min hartutako jokalariak- beti autokritika egin izan duelako».

Leiala izan da bere bulkada betetzeko orduan ere. Abendutik zebilen sentipenari erantzun bat ematen saiatzen, nahiz eta ahoz hitzartuta zeukaten beste urtebetez «aguantatzea». Baina Alvarezek irudipena zuen etapa bukatua zela, beste erronka batzuei begira jarri behar zuela eta hala jakinarazi zion Tati Garmendiari.

«TAURO»-REN BURUGOGORKERIA

«Ez dut erabakia konpartitzen baina, noski, errespetatzen dut. Konbentzitzen saiatu nintzen», onartu zuen Tati Garmendiak, baina ezin izan zuen «tauroren burugogorkeriaren» aurrean. Biek ala biek onartu dute elkarrengandik gertu jarraitu nahiko luketela eta, astro guztiak lerrokatzen badira, baliteke Alvarezen eta Bera Beraren arteko harremanak beste kapitulu bat izatea.

Imanol Alvarezen senean dago eskubaloia eta ez da berria harrobiarekin zerbait egiteko nahia duela. Hedabide honetan iazko denboraldi bukaeran eman zuen elkarrizketan esan zuen hau: «Bera Beraren oinarrian enfokatuta jardutea gustatuko litzaidake». Atzo ere errepikatu zuen desira hori, «potentziala badagoelako» eta garrantzitsuagoa, badagoelako non eta zer hobetu. Harrobiko lana aipatzen duenean, ez du baztertzen eremu handiagoan ere aportatzea, dela Gipuzkoa mailan, dela EAEn.

Saiatu da elite mailako sustraiak sendotzen -gero eta zailagoa da talentuari eustea (Tchaptchet-ek udan Europara jauzi egingo du, esaterako)-, urtez urte Bera Bera lehen lerroan jartzen, titulu bat bestearen atzetik irabaziz. Orain, hazkuntza hori elikatzen jarraitu nahi luke oinarritik, gizarte likidoaren aurrean berme berriak eskainiz, Maitane Etxeberria bezalako harribitxi gehiago azaleratzeko.