Ion SALGADO
GASTEIZ
MARTXOAK 3

Gobernu espainolaren erantzuna: gaitzespena bai, erantzukizunik ez

Memoria Demokratikoko Estatu idazkaria Gasteizen izan atzo, San Frantzisko eliza oroimenerako leku izendatzen duen plaka aurkezteko. 1976ko martxoren 3ko sarraskia gaitzetsi zuen, baina uko egin zion Estatuaren erantzukizuna onartzeari. «Arias-Fraga Gobernuaren» errua izan zela esan zuen, eta bi monarkia bereizi zituen, «Konstituzioaren aurrekoa eta ondokoa».

Fernando Martinez, atzo, Gasteizen.
Fernando Martinez, atzo, Gasteizen. (Endika PORTILLO | FOKU)

Hitzen esanahia garrantzitsua da, batez ere gertaera historikoei buruz hitz egitean. Hori ondo dakite Gobernu espainoleko ordezkariek. Izan ere, gaur egun, 50 urte igaro direnean, zenbait hitz saihesten dituzte Martxoaren 3ko sarraskiari buruz mintzatzean. Ez dute aitortzen poliziek egindakoa krimen bat izan zela, biktimek behin eta berriz salatu duten bezala, eta ez dute onartzen Estatuak izan zuen erantzukizuna ere. «Neurriz kanpoko jokaera» gaitzesten dute, eta errua «Arias-Fraga Gobernuarena» dela gehitzen dute.

Hala adierazi zuen atzo Memoria Demokratikoko estatu idazkari Fernando Martinezek Gasteizen, Zaramaga auzoan egindako ekitaldian; han izan zen San Frantzisko eliza oroimen-leku gisa aitortzen duen plaka aurkezteko; bertan Poliziak bost langile hil zituela oroitzeko plaka, hain zuzen.

Gasteizko langileen borroka goratu zuen, ezinbestekoa izan zena garai hartako «Gobernu kontinuista» desagerrarazteko. «Gertaera tamalgarria izan zen; gaitzesten dugu Espainiako Gobernu gisa, eta publikoki biktima guztiak aitortzen ditugu», esan zuen kazetarien aurrean, baina argi utzi zuen Madrilen ez daudela prest Estatuak izandako erantzukizuna aitortzeko, ezta barkamena eskatzeko ere. Ez dute egin Gernikaren kasuan eta badirudi Gasteizko sarraskiarekin ere ez dutela egingo.

«Gobernu demokratikoa gara eta garai horretan asko borrokatzen ari ginen Gasteizko langileekin batera. Zegoen Gobernua ez zen demokratikoa, diktaduraren jarraipena zen», esan zuen, eta esaera zahar bat erabili zuen egoera laburbiltzeko: «Bakoitzak bere gurutzea bizkarrean».

BI MONARKIA EZBERDIN?

1976tik hona gobernuak aldatu dira, baina Estatuaren buru borboien familiako kide batek izaten jarraitzen du. Martxoaren 3ko sarraskia izan zenean Juan Carlos Borboikoa zen Estatuaren buru, Francisco Franco diktadoreak hala erabaki zuelako, eta gaur egun Estatuaren burua Felipe Borboikoa da, aurrekoaren semea. Honi buruz galdetu ziotenean, Martinezek esan zuen bi monarkia ezberdin izan direla espainiar Estatuan, bata «Konstituzioaren aurrekoa» eta bestea, «Konstituzioaren ondokoa».

Ekitaldian izan ziren biktimek ere kritikatu egin zuten hitzen erabilera hori eta erantzukizunik eza. Arturo Val del Olmo eta Juan Ibarrondo Martxoak 3 elkarteko kideek hitz egin zuten zuzenean Estatuko idazkariarekin, eta honek erantzun zien Estatuak aitortuko duela gertatutakoa. Antza, baliteke gaur Ministroen Kontseiluak adierazpen bat onartzea. «Itxarongo dugu, ea zer onartzen duen», nabarmendu zuen Martinezek.

Bestetik, Ibarrondok eskatu zuen sekretupean diren dokumentuak argitara ateratzeko gertatutakoa argitzeko. Eta ideia bera jarri zuen mahai gainean Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalezek: «Egia jakiteko eskubidea bermatu behar da, eta dokumentazio ofizial guztia desklasifikatzeko eskatu behar da». «Gardentasunez bakarrik itxi ahal izango dugu, behin betiko, oraindik ere hor diren itzalguneak, eta erantzun argiak eman ahal izango dizkiegu hainbeste denboran justiziaren zain egon direnei».



Bloody Sunday erreferentzia gisa

Martxoaren 3aren urteurren bezperan, EH Bildu Irlandatik etorritako ordezkaritza batekin bildu zen atzo; Derry City & Strabane-ko alkate ohi Sandra Duffy eta Bloody Sunday Trust-eko presidente Tony Dohertyrekin. EH Bildutik, Pello Otxandiano ezker subiranistaren Gasteizko Legebiltzarreko taldeko burua, Ibon San Saturnino Arabako arduradun politikoa eta Eva Lopez de Arroyabe Arabako bozeramailea izan ziren.

«Iruditzen zaigu Bloody Sunday erreferentzia bat dela Martxoaren 3ari begira. Bertan ere estatu krimen bat gertatu zen, eta Britainia Handiko Estatuak ikerketa ofizial bat abiatu zuen. Ikerketa ofizial horrek emaitza bat izan zuen, eta emaitza horren ondotik etorri zen erantzukizunak hartzea. Britainiar Estatuak David Cameron lehen ministroaren eskutik hartu zituen ardurak bere gain. Onartu zuen estatu krimen bat izan zela, eta horretan Estatuak izan zuela erantzukizuna», azpimarratu zuen Otxandianok.

Bere hitzetan, «justizia egitea falta da. Eta justizia egiteko, Estatuak onartu behar du bere erantzukizuna Martxoaren 3ko gertakari haietan».GARA