GARA
BILBO

Izarok bira eta disko berria diseinatzera gonbidatu ditu zaleak

Orain arteko aurkezpen bereziena egingo du Izarok datorren urtean eta horren atzerako kontaketa hasi da jada. Data finkatuta dago: 2027ko urtarrilaren 23a. Baita tokia ere: Irungo Ficobako hiru pabiloiak. Ez da ohiko aurkezpena izango, 2027an zehar Europako zortzi herrialdetan zehar egingo duen birari begirako gonbidapena egin baitie bere zaleei: kontzertuaren aurretik, josi, margotu, iritzia eman... hori guztia egin ahal izango dute.

Izaro, Ficoban. Bertako hiru pabiloiak hartuko dituzte datorren urteko kontzerturako.
Izaro, Ficoban. Bertako hiru pabiloiak hartuko dituzte datorren urteko kontzerturako. (GIN MUSICA)

“Arkitektura” izango da, seguruenik, Izaroren ibilbideko disko bereziena. Orain arteko bereziena, bai, behintzat. Haurdunaldian konposatu eta grabatu du, baina abendura arte atzeratu du argitalpena, ordurako alabaz erditu eta hurrengo hilabeteak zaintza lanetan emango dituelako. Beraz, haurdunaldia iragarri ondoren, beste “ume” baten iritsiera prestatzen ari da bizkaitarra.

Atzo iragarri zuenez, Irungo Ficoba azoka-esparruko hiru pabiloiak hartuko ditu “Arkitektura” disko berriaren lehen kontzertuak. 2027ko urtarrilaren 23rako prestatzen ari den hitzordu hori kontzertu soil bat baino gehiago omen da: publikoarekin batera ondoren Europan barrena ibiliko den zuzenekoaren “arkitektura” eraikitzeko gunea bihurtuko baita.

Horretarako, Ficobako hiru pabiloiak hartuko dituzte. Lehenengorako arte tailerrak prestatuko dituzte (ordutegia: 16.00etatik 18.00etara) eta horretarako josteko makinak eta jantzien patroiak jarriko dituzte; hala, bertan taldekideek eta zaleek elkarrekin bukatuko dute birara eramango duten eszenografiaren eta jantzien zati bat.

Bigarren pabiloia museo moduko bat izango da, Izarok Instagramen aipatu duenez. Bertan osagai interaktibo ugari jarriko dituzte, taldearen eta abeslariaren ibilbidearen ingurukoak. Pabiloi horrek 18.00etan zabalduko ditu ateak. Eta, azkenik, azken pabiloian “Arkitektura” izeneko diskoaren lehen kontzertua emango dute, 19.30ean.

KOMUNITATEA ITZULI

«Proposamenak formatu tradizionala hausten du -argitu zuen artistak atzo-. Ekitaldian zehar joskintza, arkitektura eta arte tailerrak egingo dira, eta publikoaren zati batek artistarekin eta bere lantaldearekin batera lan egingo du, biran erabiliko diren eszenografiako eta jantzietako elementu errealak sortzen. Nondik jaio zen ideia? Kolektibora eta komunitatera itzultzeko beharretik», aurreratu zuen.

Beraz, Ficoba laborategi artistiko irekia bihurtu nahi dute egun horretan. Behin prozesu kolektibo hori amaituta, Izarok bere abesti berriak zuzenean estreinatuko ditu.

Irungo kontzertua biraren hasiera izango da eta 2027an zehar “Arkitektura” Europako zortzi herrialdetara eramango dute. Baina nazioarteko ibilbide hori ekin aurretik, Izarok, bere komunitatearekin batera, aro berri hau lagunduko duen unibertso eszenikoa eraiki nahi du.

Sarrerak salgai daude Izaroren webgunean; kontzerturako bakarrik zein tailerretarako sarbideekin eros daitezke. Prezio desberdinak daude, 45 eurotik 150 eurora artekoak (azken hau 5 lagunentzako pack horietako bat da).

“Arkitektura”, urte honen amaieran kaleratuko den disko berria, gizartea igarotzen ari den uneari eta Lurrarekiko harremanari buruzko hausnarketa sakon eta kontenplatibo batetik jaio omen da. Jatorrira itzultzea proposatzen du, funtsezkoenetik bizikidetza duinagoa eta harmoniatsuagoa berreraikitzeko.