Peli LEKUONA
Elkarrizketa
Jean-Claude Iriart
Baiona Mugimenduan

«Zinez erakutsi nahi izan dugu edozein pertsona izaten ahal zela zerrendakide»

Atzo hasi zen Ipar Euskal Herrian udal hauteskundeetarako kanpaina, eta Baiona Mugimenduan zerrenda abertzalearen auzapezgaia elkarrizketatu zuen NAIZ Irratiak. Etxebizitza sozialak azkarki emendatzeko konpromisoa agertu zuen, bertzeren artean.

(Andoni CANELLADA | FOKU)

 

Konplexua izan da Baiona Mugimenduan eratzea?

Ez genezake hori erran. Desmartxa luze baten emaitza da gehiago. Jakinez azken hauteskundeetan, 2020an, ezkerra zatiturik aurkitu zela, hortik eraman dugu lan bat ezkerreko ezberdinen artean, eta emeki-emeki lortu dugu ikuspegi berdintsua, errateko eginahala egin behar genuela lehen itzulitik zerrenda bakar bat aurkezteko.

Henri Etcheto ezin izan duzue mugimendura batu. Berak ere zerrenda aurkeztu du: Sinpleki Baiona. Banaketa horrek kezka eragiten dizu?

Lehen itzulian ez gara bakarrik izanen ezkerrean, baina iruditzen zaigu hautesleek hori ontsa ulertu dutela, guk indar hori egin genuela, eta espero dugu hori gero haien bozetan ere sentiaraziko dutela.

Jean Rene Etchegaray auzapezaren zerrendak ere badauzka kide ezberdinak. Esan du ez duela etiketarik.

Etchegarayren hitzak ez dut uste ontzat hartu behar direnik, zeren eta indar egiten du bere dimentsio politikoa gordetzeko baina bere zerrenda zentro-eskuinaren eta eskuinaren arteko lotura da. Etchegaray Renaissance alderdiaren kidea da eta alderdi hori Macron presidentearena da.

200 kideren atxikimendua lortu duzue.

Hastapeneko eztabaidak eramanak izan dira alderdi ezberdinen artean, baina ondotik nahi izan dugu hori herritar gisa aurkeztu. Elkarte bat antolatu dugu, non batzuk eta besteak kidetu diren indibidualki. 215 kide gaude.

Kide batzuk zozketa bidez hautatu dira.

Herritarrei keinu bat egin nahi izan diegu hiru leku atxikiz zozketan. Bada mesfidantza ekintza publikoaren eta herritarren artean. Erran nezake populismoak ere hortik hazten direla. Nahi izan dugu zinez erakutsi edozein pertsona izaten ahal zela zerrendakide. Hiru leku atxiki genituen eta kontent gara, zeren azkenean bi atzeman ditugu. Bi emazte gazte dira eta horiek sekula ez zuten pentsatuko zerrenda batean parte hartzea, haiengana hurbildu izan ez bagina. Horrek ematen dio demokraziari hats hartze berri bat ere.

Baionako bizilagunen kezka nagusia etxebizitza da?

Etxebizitza eta mugikortasuna ateratzen dira erronka gisa. Etxebizitzaren kasuan, Etchegarayk nahi izan du egoitza soziala duen proportzioan atxiki, nahiz eta badiren 4.000 jende galdegiten dutenak egoitza sozial bat. Proportzioa azkarki emendatu behar da.

Arazo al da Baionako karriketan aparkalekua aurkitzea?

Alde batetik, Iparraldeko antolakuntza orokorra ez da ongi orekatua. Enplegu eta etxebizitza gehienak kostaldean kokatzen dira eta barnealdean ekonomia politiketan aktibitatea aberastu behar da. Bestalde, autoari uzten diogun lekua ttipitu eta garraio publikoa azkartu behar dugu.

Baduzue besta eredurako proposamenik?

Orain Herriko Etxeak bakarrik erabakitzen du eta guri iruditzen zaigu besta eredua berriz osoki gogoetatu behar dugula, elkarlanean.

Parke natural bat sortu nahi duzue hiriaren barnean.

Bai. Etxeak jadanik hirian finkatuak diren lekuetan eraiki behar dira eta natura dugun leku guzietan natura atxiki.

Haurtzaroari dagokio bertze proposamen bat. Honi buruz ez da asko hitz egiten hauteskunde kanpainetan.

Ez. Eta herriko etxe batek baditu eskumenak haurrak ukitzen dituztenak. Horiek baliatu behar ditugu haurrari egiazko kasua ematen dion hiria eraikitzeko.