Baionako kartzela gainezka dela salatu dute Capdevielle eta Dufauk
Baionako espetxea gainezka da. Zehazki, %230eko okupazio maila du. Hori salatu dute hirugarren aldiz Colette Capdevielle (Alderdi Sozialista) eta Peio Dufau (EH Bai) diputatuek Gerald Darmanin Justizia ministro frantsesari igorritako gutun irekian.

Azken sei hilabetean hirugarrenez salatu dute Colette Capdvielle (Alderdi Sozialista) eta Peio Dufau (EH Bai) diputatuek Baionako espetxea gainezka dela. Bosgarren eta seigarren barrutietako hautetsiek plazaraturiko datuen arabera, «%230eko okupazio maila» du espetxeak. Hau da, «65 presoendako tokia izanik, 160 baino gehiago daude»; hala diote herenegun Gerald Darmanin Justizia ministro frantsesari zuzendutako gutun irekian.
Mediabaskek argitara eman duenez, joan den irailean, Capdevillek lehen aldiz ohartarazi zion Parisi Baionako espetxearen egoera oso larria dela. Dufaurekin kartzelara egindako ezusteko bisita baten ondoren izan zen.
HIRU PRESO ZIEGA BAKARREAN
Bi diputatuek bederatzi metro koadroko ziegetan hiruna preso zeudela ikusi ahal izan zuten, hiru oheak bata bestearen gainean zirelarik, komun bakar batekin. 2025eko abuztu amaieran 144 preso zeuden 65endako prestaturik dagoen kartzela honetan.
Horrez gain, bisita egin aurreko egunetan preso bat hil zela jakin zuten. Erantzunik jaso ez zuen galdera egin zuen Capdeviellek horri buruz. Espetxealdietako zaintzailearekin ere jarri zen harremanetan.
«Udazkenean zure ministeriora bidali genuen gutunak behin-behineko eragin arina izan zuen: 2025eko abenduan okupazio-tasa %187raino jaitsi zen», diote ironiaz Capdevielle eta Dufauk eskutitzan.
Kexari eutsiz, hiru preso biltzen dituen ziegetako batean sarna gaitza ere topatu dutela nabarmendu dute Ipar Euskal Herriko bi diputatuek.
Darmanin ministroari igorritako gutunean, Baionako espetxeko gainpopulazio horrek, osasun aldetik, bai presoentzat bai funtzionarioentzat ondorio larriak dituela ohartarazi dute Capdviellek eta Dufauk.
«Muturreko masifikazio horrek ondorio zehatzak eta berehalakoak ditu: ezinezkoa da atxilotuei dutxako eskuoihalak, txankletak, arropa edo barruko arropa ematea. Izakinak agortuta daude, higiene eta duintasunerako gutxieneko baldintza materialak ez dira bermatzen», azaldu dute, bai eta ohartarazi ere: «Atxilotuek eskubidea dute oinarrizko arauak errespetatuak izan daitezen».

«La decisión de restaurar en el trono a Reza Pahlevi es de Israel»

«Unea da kulturgintzan sortutako kontraesanei aterabide bat emateko»
Es sencillo: siempre queremos que gane nuestro equipo, y en todo caso un vasco

«Intentaremos acercar el Consistorio a la ciudadanía todo lo que podamos»
