Alaia SIERRA
GASTEIZ

Ikasleak, duela 50 urteko aldarriekin bat eginez, kalera atera dira

IASren manifestazioa.
IASren manifestazioa. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Ikasle Antolakunde Sozialistak eta Ikama ikasle antolakundeak, bakoitzak bere aldetik deitutako greba egunean, duela mende erdi Gasteizen Polizia Armatuak hildako bost beharginen aldarrikapenekin jarraitzeko beharra aldarrikatu zuten atzo, manifestazio banarekin.

11.30ean hasi zen IASren mobilizazioa, Andre Maria Zuriaren plazatik. Abiatu aurretik Paloma Strachan Gasteizko IASko bozeramaileak hedabideei azaldu zienez, manifestazioarekin «gaur egun ere faxismoaren aurka borrokatu behar dugula» ikusarazi nahi izan zuten.

Paloma Strachanen esanetan, 1976. urteko neguan Gasteizen greban eta mobilizazioetan parte hartu zuten langileen «borroka eredugarria» izan zen eta pertsona haiei egin dakiekeen omenaldirik onena «kalera ateratzea eta beraiek hasitako borrokan jarraitzea» dela, hain zuzen ere.

Bestalde, «faxismoaren gorakadaren» aurrean «borrokatzen jarraitu» behar dutela azpimarratu zuen. Duela 50 urte kalera atera ziren langileak gogoan, «haiek egin bezala guk lekukoa hartu eta borrokatzen jarraitu behar dugu», adierazi zuen.

Ikamak EHUren campuseko Elurreta eraikinaren atarian hasi zuen manifestazioa, IASrena bezala katedral berrian amaitu zena. Nabarmendu zutenez, «50 urte beranduago Euskal Herri aske, sozialista, feminista eta euskalduna eraikitzeko belaunaldi berri bat martxan dagoela argi utzi dugu».

Duela 50 urte gertatutako sarraskia «kasu isolatu bat» ez zela izan adierazi zuten, eta egungo hezkuntza sistemaren «memoria ezabatzeko saiakeraren» aurrean, «memoria ariketa eta borrokaren transmisioa» azpimarratu zituzten.

«Honaino ekarri gaituzten borrokak oroitu eta hauei aitortza egiteaz gain, egungoa 76ko langileen borroka bera dela esateko eguna da», aldarrikatu zuen Ikamak. Hala, haien esanetan, «gaur egun ditugun eskubide guztiak aurreko belaunaldien borrokei zor dizkiegu», eta martxoaren 17ko greba orokorrarekin bat egitera deitu zituzten ikasleak.

Garazi Ubiria Ikamako bozeramaile orokorrak hedabideei azaldu zienez, «ikasleok gaur, atzo eta beti lehen lerroan egonen gara» eta «memoriaren eraikuntzan ere ikasleok ezinbesteko papera dugu». Arratsaldeko 17.30ean Martxoak 3 plazatik abiatzekoa zen Gazte Blokearekin bat egitera deitu zuen «ikasle oro eta gazte aldarriekin bat egiten duen oro».