GARA DONOSTIA
Gipuzkoako errepideak finantzatzeko proiektua

Batzar Nagusien onarpenaren esperoan geratu da foru araua

Gipuzkoako errepideak finantzatzeko ibilgailu astunen foru-arau proiektua atzo onartu eta gaur Batzar Nagusien eskuetan jarriko du Diputatuen Kontseiluak, bertan eztabaidatua eta bozkatua izan dadin. Eurek egingo ez luketen proposamena dela adierazi zuen Larraitz Ugartek, «oposizioko alderdiek onartzeko modukoa baizik». 26 milioi euro jasotzea aurreikusi dute, A-15, N-I, N-121 eta GI-632 errepideetan zehar jarriko dituzten hamalau arkuei esker.

Gipuzkoako errepideak finantzatzeko foru arauaren proiektua azken txanpan sartu da. Atzo onartu zuen Diputatuen Kontseiluak eta Batzar Nagusien eskuetan utziko du gaur, bertan oposizioko alderdiek ekarpenak egin ditzaten eta, proiektuaren inguruko jarrerak azaldu ostean, bozkatua izan dadin. «Batzar Nagusiek ezarriko dute egutegia eta horren ostean ikusiko da foru araua onartzen duten edo ez», adierazi zuen Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako arduradun den Larraitz Ugartek hedabideen aurrean.

Aurkeztutako proiektuari dagokionez, berau ez dela eurek egingo luketen proposamena esan zuen. «Oposizioko alderdiek onartzeko modukoa da, izan ere, astunentzat da soilik, kilometroen arabera ordaintzen da...», azaldu zuen. Hala ere, teknikoki «punta-puntakoa» dela nabarmendu zuen, baita bideragarritasun aldetik «ezin hobea» dela ere. «Europako araudiarekin bat dator eta beste erakunde batzuen interesa ere piztu du», gaineratu zuen. «Funtsean, hau da errepideen finantzaketaren egoera larriari aterabidea emateko dagoen aukera onena eta bakarra», azpimarratu zuen.

Bestelako aukera batzuk ere aztertu dituztela azaldu zuen, Etxegaraten bidesaria jartzea kasu, baina aukera horrek 3,5 milioi euro baino ez lukeela emango gaineratu zuen. «Aterabide horrekin ez genukeen arazoa konponduko», esan zuen. Ildo horretan, arazoari aterabiderik eman ez eta errepideak finantzatzeko proposamen honi bide ematen ez bazaio, 2015eko aurrekontu orokorretatik gipuzkoar guztienak diren 10 milioi euro Bidegiren zorra ordaintzeko bideratu beharko lituzketela ohartarazi zuen. «Hori onartezina da, onartezina izan behar du edozein alderdirentzat eta, beraz, horren arabera jokatzeko eskatzen diegu», azpimarratu zuen.

Foru arauak barnebiltzen dituen hainbat xehetasunen berri ere eman zuen Ugartek. Hala, arauak ibilgailu astunei soilik eragiten diela gogorarazi zuen, eta Gipuzkoa zeharkatzen duten kamioien %75a ez dela gipuzkoarra nabarmendu zuen. Horrekin, 26 milioi euro jasotzea aurreikusi dutela adierazi zuen.

Foru arauaren xehetasunak

Gaitasun handiko errepideak izango ditu jomugan arau berriak, hau da, A-15, N-I, N-121 eta GI-632 errepideak. Hauetan Arkupe izeneko sistema -arku bidezko teleordainketa sistema- ezarriko da, guztira hamalau arku jarrita: hiru A-15 autobidean, zazpi N-I errepidean, bat N-121 errepidean eta beste hiru GI-632 errepidean. Era horretan, bi modu erabiliko ditu sistemak ibilgailuak identifikatzeko eta ordainketa bideratzeko: Via-T gailuen irakurketaren bidez, batetik, eta matrikulen irakurketa automatikoaren bidez, bestetik.

Hala, erabiltzaileari benetan egin dituen kilometroak kobratuko zaizkio, «inoiz ez gehiago», Ugarteren arabera. Tarifak errepidearen arabera proposatuak dira eta ibilgailuak bi kategoriatan banatu dituzte: astunak I (3,5 tona baino gehiagokoak eta 6-10 metro bitartekoak) eta astunak II (3,5 tona baino gehiagokoak eta 10 metro baino luzeagoak). Hamabost bidaia egin ostean hasiko dira deskontuak eta gehienez %13koak izango dira. Isunak ere izango dira ez ordaintzeagatik, 150 eurotik 1.999 eurorainokoak.