Aitziber Pz. KARKAMO
KAZETARIA
AZKEN PUNTUA

30 urte kolpez kolpe

Gaur aurkeztuko da 30 urte bete dituen Hala Bedi irratiari buruzko dokumentala. Ez da erraza ordubete eskaseko ikus-entzunezko lan batean historia eta istorioak laburbiltzea, eta niri ere zaila egiten zait karaktere mugatuetan Arabako irrati libreaz aritzeko berba egokiak aukeratzea.

Hala Bedik eskaini zidan nire lehengo erronka komunikatiboa, eta berak jarri ninduen 1997. urteko konplexu soziolinguistikoz beteriko Gasteiz hartan euskarazko magazin baten aurrean. Hala Bedin ikasi nuen nik kazetaritza egiten eta bertan ikasi genuen boluntario arituta, talde lanarekin, zailtasunei aurre egin eta egitasmo komunikatibo iraultzaile bezain beharrezkoa aurrera ateratzea posible zela. Apaizen eta militarren hirian ahots libre xume bat zabaltzen hasi zen dialean, urteekin Arabako hedabideen testuinguruan erreferente bilakatu den arte.

30 urte, eta kolpeak ez dira gutxi izan. Boterearentzat deserosoa izateak etengabeko mehatxupean bizitzera kondenatzen zaitu eta ez dira gutxi izan ere gure estudioetatik bortizki eraman dituzten lagunak. Baina zilegitasunak eta ilusioek aurrera jarraitzeko kemena ematen dute eta etorkizunerako erronkak ere ez dira gutxi.

30 urte hauek begi bistan utzi dute Hala Bedi bezalako hedabideek duten garrantzia, egun, inoiz baino gehiago, Hala Bedi beharrezkoa da eta, egongo ez balitz, asmatu egin beharko genuke. Komunikabideen itxierak pairatu dituen herrian jaioak gara, kolpez kolpe, eta kolpe handi baten ostean jaiotako egunkari honetatik zorionak eman nahi dizkizuet.

Zorionak eta iraun bitartean, beti ere antenatik zintzilik bandera pirata.