Patxi Baztarrika Galparsoro
Hizkuntza Politikarako sailburuordea
KOLABORAZIOAK

Adostasunean nahiz desadostasunean, egiari zor

Euskarak adostasunean zein desadostasunean ere hezurmamituriko aldeko lankidetza premia baitu, eta ez erabilera politikorako jostailu bihurtzekoa. Bego politika euskararen zerbitzura, eta ez euskara politika(keria)ren zerbitzura

Bost pertsona hurbildu zaizkit azken asteotan Xabier Isasi jaunak, hainbat egunkaritan argitaratutako «Euskarak bere bidea» artikuluan, nire ahotan jarritako baieztapen bat dela-eta harrituta kontu eskean. Nahasmendu horrek narama gaur aipatu legebiltzarkideak nik esandakotzat jotzen duena zehaztera, horren aurrean ni isilik geratu izana inork interpreta ez dezan EH Bilduko politikariak nire hitzak bailiran esandakoen baiespen moduan.

Argitzera nator, bada, Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) irailaren 11n Eusko Legebiltzarrean aurkeztu genuenean adierazi nituenak, ez baitatoz inondik ere bat Isasiren esanetan adierazi «omen» nituenekin. Eskerrak batzarraldiko egunkarian jasotzen dela esandako guztiaren transkripzio literala! Izan ere, eztabaida politiko garbian sinisten dut, irmo, eta ez dut inola ere beharrezkoa ikusten norberaren arrazoibideen alde egiteko inoren hitzen erabilera okerra egitea. Politikakerian erortzea litzateke hori, eta ahaleginak eta bi egingo ditut inork ez nazan ni eremu horretara eraman. Euskarak adostasunean zein desadostasunean ere hezurmamituriko aldeko lankidetza premia baitu, eta ez erabilera politikorako jostailu bihurtzekoa. Bego politika euskararen zerbitzura, eta ez euskara politika(keria)ren zerbitzura.

Argi ditzadan, bada, batzarraldiko egunkarian jasota dagoenez, nire ahots propioz neuk Legebiltzarrean esandakoak, eta, hortik aurrera, irakurleak erabaki beza.

Isasi jaunak, besteak beste, honako hau dio artikuluaren hasiera berean: «Euskararen berreskurapena mundu osoan eredugarria dela ohartu digu Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Jakitun gaude, noski. Gu prozesuaren parte izan baikinen, zuok ere, irakurle prestuok (...) Halere, itxura denez, meritu osoa Jaurlaritzarena da. Euskararen biziberritzearen bezalako esperientziarik ez dago mundu osoan. Horrela izan daitekeela uste dugu, bai, baina zeinen meritu edo ekarria izan da? Hizkuntza Politikarako sailburuordeak esaten du euren hizkuntza politikaren meritua izan dela».

Harri eta zur geratu nintzen hura irakurtzean, nik esan nuena ez baitzen hori izan, Legebiltzarreko saioaren transkripziotik hitzez hitz ekarri dudan beste hau baizik: «Euskadiko Autonomia Erkidegoan hazi egin da, etengabe hazi ere, euskara, lege babesari esker, herri erakundeen hizkuntza politikari esker, askotariko talde politikoen arteko kontsentsuari esker, herritarren atxikimenduari esker, euskal hiztunei esker, euskaldun berriei esker, beren seme-alabentzat irakaskuntza osorik edo partez euskaraz izatea aukeratu duten guraso elebakarrei esker, askotariko gizarte eragileei esker, kultur sortzaileei esker, euskalgintza sozialari esker, milaka hezlek eta milaka irakaslek egin duten esfortzuari esker, gizartearen borondatea, hizkuntza politika eraginkorra eta adostasun sozial eta politiko zabala daude aurrerakada horren oinarrian. Huts egiteak izango ziren, gabeziak ere bai, baina euskarak aurrera egin duela begien bistan dago eta aurrerakada hori gizartearen eskutik egin duela, eta ez gizartearen kontra».

Antzik ez, beraz, Isasi jaunak nire ahotan jartzen duenarekin. Esan «omen nuenaren» eta «esan nuenaren» arteko aldea irakurleak berak balora beza. Ibilbide laburreko jokaldiak dira hauek, bistan denez. Euskarak nahitaezkoa duen askotariko euskaltzaleon elkarlanean egiaz sinesten dugunok badakigu batzuen eta besteen argudioak behar besteko irmotasunez eztabaida ditzakegula eta eztabaidatu behar ditugula, Isasi jaunarengandik zalantzarik gabe pisuzko argudioak espero ditzakegula, soziolinguistikaren alorrean duen ezagutza aitortua kontuan hartuta, baina adostasunean bezala desadostasunean ere inoren hitzen erabilera bihurri eta okerrik egin gabe: argitasunez eta nahi besteko irmotasunez, bai, baina beste horrenbesteko zintzotasunez ere bai.

Aukera hau baliatu nahi dut han bertan egin bezala azpimarratzeko Eusko Jaurlaritzak adostasuna (eztabaidan eta transakzioan oinarrituriko adostasuna) duela bere hizkuntza politikaren gidari nagusietakoa; adostasuna eta elkarlana, jakina, horiek baitira, pragmatikotasunarekin eta zorroztasunarekin batera, eragingarritasunerako atea.

Nago, ideien eta jarreren arteko zubiak eraikitzeko garaian eztabaidara eta transakziora jarri behar direla ideiak eta proposamenak. Eta ez zen oso-osorik hori izan Legebiltzarreko Kultura eta Euskara Batzordean EH Bilduk hartu zuen bidea. Han, eztabaida orokorrean parte hartu ondoren, Isasi jaunak aurkeztu bai, baina bozkatu aurretik erretiratu egin zituen bere taldeko ebazpen proposamenak, eta gainerako legebiltzarkideek ezin izan zituzten proposamen horiek ez adostu, ez errefusatu ez transakzionatu, eta EH Bilduk ez zuen bozketan parte hartu. Lastima.

Batzorde horretan, ordea, EH Bildurenak izan ezik, beste talde guztien hainbat ebazpen bozkatu zen, horietako batzuk taldeen artean transakzionatuta, eta horietako asko onartu ziren (20, guztira), beste batzuk errefusatuak izan ziren. Onartutakoen artean Legebiltzarrak ESEP berrestearena zegoen, baita ESEPen diagnostikoa eta adierazleak sakondu eta fintzeko helburuarekin Euskararen Aholku Batzordeak egin asmo duen lana babestearena, biak EAJk aurkeztuak.

Eta hori da, Eusko Jaurlaritzaren iritziz, euskararen sustapenean aurrera egiteko biderik seguruena: eztabaida leialetik sortzen den ezberdinen arteko adostasuna. Eta den-denok salbuespenik gabe gara horretan beharrezkoak, eta gu guztiok bezain beharrezkoa, egiari zor zaion errespetua.