A. ARRUTI DONOSTIA

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finaleko eta asteburu honetako sarrerak bukatu egin dira

Asteroko albistea bihurtzen ari da. Bertsolari Txapelketa Nagusiko saio gehienetan sarrerak agortu egin dira eta atzo jakinarazi zuen Bertsozale Elkarteak abenduaren 15ean Barakaldoko BECen ospatuko den final handirako sarrerak, 14.000, dagoeneko saldu dituztela guztiak, bai Internet bidezkoak eta baita saltoki ezberdinetan zituztenak ere.

«Salmenta guneetan zein Internetez salgai zeuden sarrera guztiak salduta, beteta dago BECeko aforoa eta ez da sarrera gehiagorik jarriko salgai», adierazi zuten.

Bertsozale Elkarteak gogorarazi zuen saio guztiek aforoa mugatua dutela eta bertsozaleek aldez aurretik eros ditzaketela finalaurrekoetarako sarrerak www.bertsosarrerak.eu webgunearen bitartez.

Atzo gauean, finalaurrekoen bigarren itzulirako sarrerak baino ez ziren gelditzen atari horretan. Hala ere, finalera joateko autobusa eta bertako bazkarirako txartela hartzeko aukera badago oraindik.

Asteburu honetan Oiartzun eta Murgian jokatuko diren saioetarako ere, sarrera guzti-guztiak agortu dira. Hala ere, bi kiroldegietako autobabes plana berrikusten ari direla adierazi zuten elkartetik eta, beraz, baliteke aforoa berrikusi ondoren jende gehiago sartzeko aukera izatea.

Oiartzunen, Agin Laburu, Alaia Martin, Beñat Lizaso, Odei Barroso, Jon Maia eta Aitor Sarriegi izango dira kantuan. Azken biek, lehenengo saioa izango dute aurtengo txapelketan, duela lau urte finalista izan ostean.

Igandean, berriz, Beñat Gaztelumendi, Fredi Paia, Unai Agirre, Xabier Silveira, Sustrai Colina eta Aitor Mendiluze izango dira Murgian. Hemen ere, Colina eta Mendiluze aurreneko aldiz izango dira kantuan.

Bertan erabakiko da zein hemezortzi bertsolarik egingo duten aurrera. Bigarren itzulia hurrengo asteburuan abiatuko da. Azaroaren 23an Elizondon egingo da lehenengo saioa, 24an Donostian eta 30ean Maulen. Finalaurrekoetako bi itzulitako saioetan pilatutako puntuak batuko dira finaleko zortzikotea erabakitzeko.