GARA
ZIENTZIA

Kaloria gutxiko dieta mediterraneoa onena den ikertzen ari dira EHUn

EHUko Nutrizioa eta Obesitatea ikerketa taldea kaloria gutxiko dieta mediterraneoak, ariketa fisikoarekin konbinatuta, sistema kardiobaskularrean duen eragina aztertzen ari da. Arlo honetan ikerketa ugari egin du aipaturiko taldeak. Izan ere, Predimed proiektu ospetsuan hartu du parte, eta azterketa horri esker ikusi dute «dieta mediterraneoak sistema kardiobaskularrean eragin handiagoa duela gantz gutxiko dieta batek baino».

Estatu mailan egin da Predimed ikerketa bi dieta mota aztergai hartuta: gantz gutxiko bat (Ameriketako Estatu Batuetan gomendatzen dutenaren modukoa) eta mediterraneoa, gantz eduki handiagoa duena «baina baita gantz monoasegabeen eta poliasegabeen proportzio handiagoa». Bi dieta horiek osasun kardiobaskularrean zer eregina duten aztertu dute.

Bost urtean zehar burutu da azterketa eta 5.000 boluntariok baino gehiagok parte hartu du, eta emaitza argia izan du: «Dieta mediterraneoak eragin kardiobabesle handiagoa du gantz gutxiko dietak baino». Horregatik, oihartzun handia izan duten emaitzen ostean, Predimed Plus ikerketa ekarri dute gantz gutxiko dieta mediterraneoa kirolarekin uztartuta bereziki aztertzeko.

«Zehazki pertsona obesoekin egingo da, eta osasun kardiobaskularrean, pisu galeran eta galdutako pisua mantentzean duen eragina aztertuko da», argitu zuen Maria del Puy Portillo ikertzaile nagusiak.

Jorratuko dituzten atalen artean, argaltzeko dietak uztearen arrazoietako bat gantz gutxiko dietek duten palatabilitate txarra aipatzen du Portillok. Bere ustez, arlo horretan emaitza interesgarriak eman ditzake azterketa berri honek.

Lana Kardiologia Zerbitzuko Prebentzio Kardiobaskularra eta Bizimodua taldearekin lankidetzan egingo dute. Esku hartzeko ikerketan parte hartzeaz gain, nutrigenomika eta epigenetika azterketak egingo dituzte; «eta markatzaile genetikoak bilatuko ditugu, zeintzuen bidez aurreikusi ahal izango baitugu paziente batek hobeto edo okerrago erantzungo dion jarritako dietari», azaldu du ikertzaile taldeko buruak.

Pertsonekin egiten ari diren azterketez gain, zelula-hazkuntzetan eta animalien ikerketa aurreklinikoa egiten ari da EHUko taldea. Azterketa horietan, elikagaietan dauden molekula bioaktiboen jardunbide-mekanismoa ikertzen ari dira.

«Erresberatrola eta kertzelina -frutetan eta barazkietan daude biak- molekula bioaktiboak dira, eta emaitza onak eman dituzte Nutrizioa eta Obesitatea taldeak egindako ikerketa proiektuan», unibertsitateko iturriek zabaldutako informazioaren arabera.