Josune Gorospe Elezkano
EAJ-PNVko legebiltzarkidea
KOLABORAZIOAK

Aurrekontuak, laugarren akordioaren faltan

Ondo legoke egiten dituzten proposamenak errealistak izatea. Eta hobeto, konfrontazioa gaindituz eta lankidetzarekin jarraituz, Euskadiko egonkortasunari begira, aurrekontuak onartzea

Gobernuaren Programan argi daude zehaztuta Jaurlaritzaren lehentasunak. 2014rako aurrekontuei dagokienez; bi dira aipatu beharrekoak: Gizarte Babeserako Euskal Eredua mantendu eta garatu, batez ere Osasun, Hezkuntza eta Gizarte Politiketan oinarrizko zerbitzu eta prestazioak mantenduz eta ekonomia produktiboa indarberritzea, enplegua sortzeko.

Aurrekontu proiektu honen eta 2013rako aurkeztu zutenaren artean alde garrantzitsuenetariko bat inbertsioak dira. Aurreikusitako inbertsioek funtzio bikoitza beteko dute. Alde batetik, herritarren bizi kalitatea hobetu, eurei zuzendutako zerbitzu eta prestazioak hobetzeko izango diren heinean; eta bestetik, euskal ekonomia sustatu eta enplegua sortzeko balioko dute. Aurreikusitako inbertsioak, akordiotik datoz, EAJ eta PSEren arteko akordiotik. Lehenengo akordioa.

Datorren urterako aurrekontu proiektuaren zenbatekoa 10.215,5 milioi eurokoa da, 2013rako aurkeztutakoa baino %9,6 handiagoa: 898,8milioi euro gehiago. Diru sarrerei dagokienez, aipatu behar foru aldundien ekarpenak handitu direla, aurtengo urriaren 15ean Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak egindako bilkuran ebatzitakoaren ondorioz. Bilera horretan 2014rako Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiru aldundiek 2014ko ekitaldirako egin beharreko ekarpenak zehaztu zituzten. Guztira 8.280 milioi euro, iazko ekarpenekin alderatuz %5,9 gehiago, 464,3 milioi euro gehiago. Hau ere berri ona da. Batetik, diru bilketa igo delako; eta bestetik, honek ere akordioan duelako oinarria: EAJ, Bildu eta PPk kudeatutako erakundeen arteko adostasuna. Bigarren akordioa.

Zorpetzeari dagokionez, aurtengo irailaren 12an Euskadi eta Espainiako Gobernuen artean sinatutako akordioaren arabera 2014rako defizit helburua %1ean mugatu eta zor publikoaren helburua %13an finkatu da. Beste berri on bat, Jaurlaritzaren lanaren ondorioz datorrena. Beste alde-biko akordioa, bi Gobernuen artean, Espainiakoa (PP) eta Euskadikoa (EAJ). Hirugarrena. Baliabide ekonomikoak zertan erabiliko diren zehazteko orduan, lehenik eta behin Lopezen Gobernuak egindako zorpetzearen ordainketa aipatu behar da: aurten 537,7 milioi izango dira zorraren amortizaziorako; Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun eta Lehendakaritza sailen aurrekontu osoa baino gehiago zorra amortizatzeko.

Gastua funtzioaren arabera aztertzen badugu, aurrekontuen %75 gastu sozialerako da. Osasun Saila, bakar-bakarrik aurrekontuaren %33 da; aurrekontuen 3 eurotik 1. Proiektu gizatiarra da. Pertsonak dira lehentasuna. Pertsonen artean, beharrizan handienak dituztenak lehenengo, gero besteak. Baita guztiontzat osasun eta hezkuntza zerbitzu eta prestazioak ere. Ondoren, krisi egoerari buelta emateko beharrezkoa dena: ekonomia produktiboa garatzea enplegua sortzeko, eta inbertsioak egitea herritarren bizi kalitatea hobetu eta ekonomia suspertzeko. Alderdi denek esan dezakete gauza bera, herritar guztiak dituztela helburu?

EAJren bidea «Euskal Eredu propioa» eraikitzen jarraitzea da, orain arte egin dugun bezala, Giza Garapen Jasangarriaren eredua da gurea. Euskadik dagoen lekutik hobetzen jarrai dezan herri garatuen artean, inor bide ertzean utzi barik eta gure herri nortasuna mantenduz. Hori izan da gure legebiltzar taldeak ordezkatzen duen alderdiaren bidea. Mendi tontorrera bueltaka igotzen dela ikasi dugu, ez dago bidezidorrik. Bat gatoz aurrekontu politikaren orientabideetan Jaurlaritzak dioenarekin: Europako hazkunde ereduaren akatsak zuzentzea beharrezkoa da; etorkizunekoak oraingoak baino hazkunde zentzuzkoagoa, jasangarriagoa eta integratzaileagoa izateko baldintzak izan behar ditu.

Orain, guri, legebiltzar taldeei, dagokigu ekarpenak egitea, posible den neurrian aurkeztu dituzten aurrekontuak hobetu daitezen. Proposamen zehatzak egitea: nondik kendu eta non ipini. Ondo legoke egiten dituzten proposamenak errealistak izatea. Eta hobeto legoke, konfrontazioa gaindituz eta lankidetzarekin jarraituz, Euskadiko egonkortasunari begira, datorren urterako aurrekontuak Legebiltzarrak onar- tzea. Hori da espero eta gura duguna; eta hori lortzeko egin du lan gure legebiltzar taldeak. Laugarren akordioaren faltan gaude.