IKUSMIRA
IKUSMIRA

Durangoko «kulturaren plazaren» garrantzia, instituzioen menpe ez, herritarren menpe baizik

Durangoko Azoka «kulturaren plaza» izango da aurten, hirira zabalduta, baina ez bide du gune guztiak jendez betetzeko arazorik izango. Hirian zehar zabaldu eta, gerrikoa estutu beharra gorabehera, orain arteko gune guztiei eutsiko die. Euskal kultura eta euskara sustatu eta garatzea ez dela instituzioen laguntzaren menpeko apustua erakutsita, beti zabaltzeko zeregina baizik. Ez dirudi erakunde publikoek, noizbehinkako adierazpenetatik harago, hala ulertzen dutenik. Kultura eta euskara inbertsio errentagarria direla esaten dute, baina behin eta berriro erakusten dute ez dituztela «kontu garrantzitsutzat» jotzen, «ahal denean» lagundu beharreko kontutzat baizik. Eta orain, dirudienez, ezin da, beste gauza garrantzitsuago batzuek baitute lehentasuna. Eta gauza horiek, aurrekontuen arabera, ez dira osasuna, hezkuntza edo, zeresanik ez, etxebizitza. Murrizketarik ez dituzten gaiak «segurtasuna», azpiegitura handiak... edo mendeetan euskal kultura eta hizkuntza zapaldu dituen monarkia dira. Nolanahi ere, aurtengo azoka zabalagoak ez du arazorik izango guneak jendez betetzeko. Euskaltzaleek, herritarrek elikatuko dute, erakunde publikoek ematen ez dioten garrantzia emanez.