Ion SALGADO

EAEko herritarren osasun mentalak okerrera egin du azken hamar urteetan

Euskal Autonomia Erkidegoko Osasunari buruzko Inkestak (EAEOI) osasun mentalak okerrera egin duela erakusten du. Halaber, nabarmentzen du osasun ona edo oso ona dutela sentitzen dutenen proportzioa %30 inguru handitu dela azken hamarkadan.

2002tik okerrera egin du EAEko herritarren osasun mentalak, alegia, antsietate eta depresio sintomen prebalentziak, emakumeetan, orduko %18tik %24ra iritsi baita 2013an. Gizonetan prebalentzia ez da ia aldatu 2002tik 2007ra artean, baina gora egin du harrezkero, %16ra iritsi arte. Inkesta horrek dioenez, okerrera egiten du osasun mentalak klase soziala jaitsi ahala.

Euskal Autonomia Erkidegoko Osasunari Buruzko Inkestak (EAEOI) azaltzen duen bezala, lanik gabe dauden pertsonek osasun mental txarragoa dute. Zehazki, gizon eta emakume langabeen %92 eta %59 gehiagok dute osasun mental txarragoa, hurrenez hurren, lanean daudenen aldean.

Aipatutako inkesta atzo aurkeztu zuen Jon Darpon Osasun sailburuak Lakuan, eta azken hamarkadan osasunez ondo edo oso ondo daudela uste dutenen proportzioa %30 inguru handitu dela erakusten du. Hala sentitzen dute emakumeen %78k eta gizonen %82k. Gizonek baino osasun okerragoa dutela adierazten dute emakumeek.

Osasun determinatzaileak aztertzerakoan, tabakoaren kontsumoak jaitsiera nabarmena izan duela azpimarratzen du EAEOI osasun inkestak. Gizonetan, 2002ko %30etik 2007ko %28ra jaitsi zen, eta %24koa da 2013an. Beherakada hori apalagoa izan da emakumeetan, 2002ko %20tik 2013ko %19ra. Lantokiko eta ostalaritza establezimenduetako tabako-kearen esposizio pasiboak ere behera egin du. Halaber, langabeek lanean daudenek baino tabako gehiago erretzen dutela agerian utzi du EAJko Gobernuak egindako inkestak. Gizonetan %57 gehiagok, eta emakumeetan %25 gehiagok.

Edari alkoholdunen kontsumoak ez du tabakoaren kontsumoaren bidea hartu. Edari alkoholdunak kontsumitu ohi dituzten pertsonen proportzioak gora egin baitu azken urteetan. 2003an gizonen %59 eta emakumeen %30 ohiko edaleak ziren, baina orain gizonen %63 eta emakumeen %38 dira. Epe luzera osasun arazoak eragiteko arrisku handia duen alkohol kontsumoaren prebalentzia 2013an %25ekoa da gizonen artean eta %15ekoa emakumeen artean.

Bestalde, obesitatearen tasa 2002tik 2007ra handitu ondoren, mantentzen ari dela erakusten du inkestak, %14 gizonen artean eta %12 emakumeen artean. Bukatzeko, biztanleen %90 inguru osasun sistemarekin pozik edo oso pozik daudela nabarmendu zuen EAEOIk. Pertsonen %95 inguruk uste dute osasun sistemak ongi erantzuten diela beren beharrei.