GARA DONOSTIA

Europako jarraipen batzordea «harrituta» dago Donostia 2016k eginiko aurrerapenekin

Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburuaren proiektua ikuskatzeaz arduratzen den jarraipen batzordeak «harrituta» dagoela adierazi zuen arduradunekin izan zuen azken bileraren ostean, egindako aurrerapenak aintzat hartuta.

Pasa den urriaren 15ean Juan Karlos Izagirre alkatea, Itziar Nogeras proiektuaren zuzendari nagusia eta beste zenbait kide Bruselan izan ziren bertako batzordeari azken alditik emandako pausoen berri emateko eta honek ebaluatu zezan. Honen erantzuna positiboa izan zen eta izandako aurrerapausoengatik harridura adieraztearekin batera, izendatu berri diren pertsonengan -tartean Nogeraz bera- konfiantza osoa duela azaldu zuen.

Era berean, zenbait gomendio eman zizkion taldeari proiektu artistikoa bideratzeko. Batzordearen ustez, Donostia 2016 «publiko lokalari zuzendutako euskal kulturaren ospakizun esklusiboa izatea saihestu» beharko lukete arduradunek, «europar dimentsioa» bultzatuz. Horren arabera, ikuspuntu hori hasierako dossierrean bilduta zegoen eta azaldutakoari «ahalik eta gehien lotu» behar dira. Egitarau kulturalaren helburua Europako kultur aberastasunaren eta hizkuntza minorizatuen aniztasunaren inguruan kontzientzia sortzea izan beharko litzateke. Horretarako, Kulturaren Hiriburua izango diren Leeuwarden (Holanda) eta Derry (Ipar Irlanda) hiriekin lankidetzan jardutea gomendatu du batzordeak.

Azkenik, esan zuen Madrilgo gobernuak agindu zituen 11 milioi euroak ematen ez baditu Donostiak aurreikusitako programa kulturala arriskuan geldituko dela, eta beraz, batzordeak hiri hori aukeratu izanaren arrazoia zalantzan jarriko dela.