Arantxa MANTEROLA

Kantonamendu banaketan euskal lurraldea «errespetatzeko» eskatu du EAJk

Hauteskunde eremuen berrantolaketa dela-eta, kantonamenduen aldaketa Ipar Euskal Herriko lurraldea «oinarritzat» hartuta egin behar da, EAJ-PNBren ustetan.

Azken egunetan agertu bezala, prefetak -PSko agintarien babesarekin- kantonamenduen banaketa berria aurkeztuko du laster. Hainbat hedabidek aurreratu dute planteamendu ez ofizial horrek Ipar Euskal Herriko hiru herrialdeen lurraldetasuna hautsiko lukeela. Izan ere, Amikuze eta Iholdiko egungo kantonamenduak Bearnoko beste birekin batuz, «kantonamendu eusko-bearnesa» sortzea proposatuko luke Estatuko ordezkariak.

Berriak hautsak harrotu ditu tendentzia guztietako euskal hautetsi eta indar politikoen artean. EAJ-PNBren iritziz ere planteamendu hori «Iparraldeko batasun eta nortasunaren aurkako eraso bortitza da, baita ere bere espresio demokratikoarentzat».

Aldaketa teknokratikoa

«Hemengo hautetsiek gure herriko egitasmoa ordezkatu behar dute, Iparraldeko biztanleen eta lurraldearen interesak defenditzeko», dio alderdi jeltzaleak. Horrez gain, «aldaketa teknokratiko» horrek Nafarroa Behereko «laborantza eta biziguneetako logikari ere eraso egiten» diola irizten dio.

Horregatik «hautetsi eta gizarte eragileek mehatxu berri horren aitzinean geldirik ezin» dutela geratu nabarmendu du.

Bestalde, antolaketa berriaren karietara, EH Baik hiru proposamen kaleratu ditu. Hiru proposamen horietan kontuan hartzen ditu lege berriak ezarritako baldintzak.

Hala, kantonamendu kopuruaren murrizketa (egungo 21etik 12ra), bakoitzeko populazioa (20.000 eta 30.000 biztanle artean) eta legeak berak ahalbidetzen dituen salbuespenak ere, batik bat, landa eremuetako eta hiri eremuetako ordezkaritzen arteko oreka kontuan izan ditu koalizio abertzaleak. Are, herri elkargoen egungo eremuak ere errespetatzen dira.