Arantxa MANTEROLA

Mauleko Carrefour Market-Altisek pausa denbora ordaindu beharko die langileei

Hendaiako Carrefour Marketeko langileek bere garaian irabazitako auzi bertsua irabazi berri dute Mauleko izen bereko supermerkatuko hemeretzi langilek, LAB sindikatuaren laguntzarekin. Hala, pausa denbora ez ordaindu izateagatik, orain 2005eko uztailaz geroztik 2008rainoko atzerapen guztiak kitatu beharko dizkie Altis enpresak.

Izan ere, urteetan aritu zen enpresa orduko gutxieneko soldatatik beherago ordaintzen, kalkulatzeko garaian lanarteko denbora ere barnean sartu zuelako. Hori dela-eta, langile bakoitza hilero gutxienez 50 euro euro galtzen aritu zen aipatu lau urte horietan. Aldiz, Prud'Hommes lan-auzitegiak ez du ontzat eman, galera hori dela-eta, langileek kalte-ordainetan eskatutakoa.

Dena dela, zor zaiena eskuratzeko itxaron egin beharko dute, Altis enpresa likidazio prozeduran baitago. Egun, gainera, Mauleko Carrefour beste enpresari batek kudeatzen du.

Bakan batzuk

Altis sozietateko 1.500 langileen artean askok erreklamazio bera egin zezakeen auzitegiaren aitzinean. «Langile bakoitzari dagokio Prud'Hommes auzitegira jotzea baina enpresako zuzendaritzaren presio eta mespretxua direla medio, eta sindikatu baten babesa ezean, oso gutxi ausartu ziren auzitegietarako bidea hartzera», adierazi du sindikatu abertzaleak.

Kasazio Gorteak (epaitegi gorena) 2012ko urtarrilean lanartearen auziari buruz ezarritako jurisprudentzia kontuan hartu ez izana, eta «azkenean arrazoia emateko» orain artean auzitegietan ibili behar izana deitoratu du LABek. «Gero auzitegiak lanez lepo daudela entzuten da» gaineratu du.