Arantxa MANTEROLA

Azkoitia Lantzen-eko kudeaketa «muturreraino» ikertzea nahi du EH Bilduk

«Irregulartasun zantzuak» sumatuta, Espainiako Kontuen Epaitegiak Azkoitia Lantzen sozietatearen 2010eko kontuak ikertuko ditu. Aurreko agintaldietan EAJk eginiko kudeaketa, Udala bera «kinka larrian» jartzera iritsi dena, «muturreraino» iker dezala eskatu dio EH Bilduk.

Agintera iristearekin bat, Azkoitia Lantzen SA (ALSA) udal sozietatearen egoera larriaz «jabetuta», Azkoitiko EH Bilduk berehala hainbat ekimen abian jarri zituen, Diputazioaren beraren laguntzarekin. Tartean, auditoria bat egitea.

Orduan agerian geratu ziren «irregulartasunen» ondorioz, 2010-2011 urteetako kontuetan «zuzenketa garrantzitsuak» sartu ziren. Ondoren, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak gorabehera horiek jasotzen zituen txostena helarazi zion Espainiako Kontuen Epaitegiari. Horren harira hartu du orain fiskalak aipatu kontuak ikertzeko erabakia. Hori dela-eta, 2004 eta 2008 bitartean EAJko garaiko udal arduradunek Txalonerrekako eremuan egindako salerosketak ikertuko ditu, eragiketa ekonomikoetan «irregulartasun zantzuak» sumatu direlako. Horrenbestez, EH Bilduk ikerketa «muturreraino» eraman dezala eskatu dio Kontuen Epaitegiari.

Handinahikeria

Koalizio abertzalearen esanetan, Asier Aranbarri alkate jeltzale ohiaren «anbizioa» da egoera larri honen iturri. «Azkoitia bere monopolioa bailitzan gestionatu zuen udala. Datuek erakusten digute espekulazioan oinarritutako politikak eraman zituela eta handinahiak gaina hartu eta arduragabekeria handiz jardun zuela», adierazi du EH Bilduk.

Kudeaketa horren ondorioz, Azkoitiko Udala bera «kinka larrian egotera kondenatu» dutela gaineratu du. Izan ere, ALSAren auditoriek eta ondarearen errebalorizazioak azaleratu dute «esandakoa baino 11 milioi euro txikiagoa» zela. «Iazko kontuetan 1.184.921,48 euroko galerak izan ziren, sozietateak aurrez hartutako hainbat betebeharri aurre egin behar ziolako. Gaur egun, 3.726.622 euroko maniobra fondo negatiboa du ALSAk», nabarmendu du EH Bilduk, «gardentasunez jarduteko» hartu zuen konpromisoari jarraiki.

Azken bi urteetan egin dituen birnegoziazioei, zordunak auzitara eramateagatik eta beste hainbat ekimeni esker egoera ez dela tamalgarriagoa iritzi dio. Are, «hartutako neurri horiekin sozietatea martxan jarraitzeko moduan» ikusten du EH Bilduk, betiere «hirugarrenek epe laburrean erreklamaziorik egiten ez badute». Hori gertatuko balitz eta «akordiorik lortu ezean», Azkoitia Lantzen ez ezik udala bera ere, «kiebra egoeran» legokeela argitu du.

Egoeraren aurrean, EH Bildurekiko «jarrera gogor eta oldarkorra» alboratu dezala eskatu dio koalizioak EAJri ere, horrekin batera, «azkoitiarren etorkizunaren» alde «elkarrekin jarduteko eskua luzatuz».