GARA ATENAS

Hamabi etorkin hilda, Greziako kostaldean izandako beste ezbehar batean

Hamabi etorkin hil ziren atzo Mediterraneoko uretan itota, beren ontzia hondoratu zelarik Greziako Lefkada uharte parean, Itsaso Jonikoan. Greziako kostazainek adierazi zutenez, hildakoen artean lau haur daude.

«Etorkinek beren sakelako telefonoarekin Poliziari deitu zioten itsasontziak arazoak zituela esateko», azaldu zuen kostazain batek. «Iritsi ginenean hamabost lagun aurkitu genituen kostaldean, eta zortzi gorpu jaso genituen, tartean lau haur», gaineratu zuen.

Kostazainek jakinarazi zutenez, haurrek hiru eta sei urte bitarteko adina zuten. Ezbeharra kostaldetik hurbil gertatu zenez, hamabost lagun igerian iritsi ziren Palerosko hondartzaraino, Lefkadatik hurbil.

Bizirik irten zirenak inguruko ospitaleetara eraman zituzten, uharteko hiriburura -Lefkada- edo Preveza hirira.

Ana berri-agentzia greziarraren arabera, etorkinak siriarrak dira. Lefkapress.com webguneak azaldu zuenez, kostazainak Lefkadako udalarekin harremanetan daude, bizirik atera direnei babesa emateko. Skai telebista katean Kostas Aravanis Lefkadako alkateak esan zuen ez zuela ulertzen nola gerta zitekeen ezbeharra, eguraldia oso ona zelako inguruan.

«Duela urte askotik Greziak aurre egin dio etorkin-emariari, baina arazoa ez dagokio Greziari, eta erantzuna Europa osokoa izan behar da», adierazi zuen Simos Kedikoglou Greziako Gobernuko bozeramaileak.