2013/11/16

Oiartzun eta Murgiako saioetan erabakiko da bigarren itzuliko bertsolariak zein diren
GARA DONOSTIA
P047_f02

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoen lehen itzuliko azken bi saioak gaur eta bihar jokatuko dira, Oiartzun eta Murgian, hurrenez hurren. Bi saioetarako sarrerak agortuta daude. 24 bertsolari ari dira lehian lehen itzuli honetan eta 18 pasako dira bigarren itzulira: lau saiotako irabazleak eta puntuazioz lehenengo 14 bertsolariak.

Aitor Sarriegi, Jon Maia, Agin Laburu, Alaia Martin, Beñat Lizaso eta Odei Barroso izango dira gaur Oiartzungo Elorsoro kiroldegian, 17.30etik aurrera. Laburuk Markina-Xemeingo saioa irabazita lortu zuen finalaurrekoetara sailkatzea. Sarriegi eta Maiarentzat, berriz, lehenengo saioa izango da gaurkoa, duela lau urteko finalean parte hartu zutelako.

Murgian, berriz, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Xabier Silveira, Unai Agirre eta Fredi Paia izango dira kantuan. Palatu kiroldegian izango da saioa, ordu berean. Kasu honetan, Gaztelumendi Altsasuko saioa irabazita sailkatu zen zuzenean eta Colina eta Mendiluze finalistak izan ziren 2009an.

Bi saio hauetan lehenengo postua eskuratzen duten bertsolariak zuzenean sailkatuko dira bigarren itzulira. Pasa den asteburuan, Amets Arzallus izan zen garaile Gernika-Lumoko saioan eta Igor Elortza Tolosakoan.

Biharkoa lehen itzuliko azken saioa denez, hori amaituta jakingo da zeintzuk pasatuko diren bigarren itzulira. Lehen itzuliko saioetako irabazleak eta finalaurrekoetako hamalau puntuazio onenak sailkatuko dira Elizondon, Donostian eta Maule-Lextarren jokatuko diren bigarren itzuliko finalaurrekoetara. Bi itzulietatik aterako dira finalera sailkatuko diren zazpi bertsolariak. Bi itzulietako puntuazioak batuko dira.