Jon ORMAZABAL
Elkarrizketa
Jokin Etxaniz
ASPEko kirol zuzendaria

«Txipa aldatu du, baina aurretik lan asko egina zuelako heldu da Ezkurdia honaino»

Gertu-gertutik ezagutzen ditu Bergarakoak Juan Martinez de Irujo eta Joseba Ezkurdia, gaur Iruñean finalerdietara sailkatzeko partida erabakigarria jokatuko duten bi pilotariak. Biak %100ean egonda, beteranoenaren alde egingo luke, baina Iberokoaren eskuineko hatz erakusleak minduta jarraitzen du eta gauzak oso parean egongo diren irudipena dauka Aspeko teknikariak.

Ordezkari bakarrarekin geratuko da Aspe gaur arratsaldean Labriten jokatuko den partidaren ostean.

Nola ikusten duzu zure bi pilotarien arteko partida?

Ba, egia esan, bakoitza nola heldu den ikusita, gauzak oso-oso pareko ikusten ditut. Biak %100ean heldu izan balira, duen esperientziagatik eta jokatzen duena jakinda, agian Irujoren alde egingo nukeen, baina hatzaren kontu honekin guztiarekin, eta Ezkurdia jokatzen ari denarekin, ez nuke apusturik egingo.

Nola dago Irujoren eskua?

Ba ez dago erabat ondo. Haustura bat dauka, eta horrek osatzeko denbora behar du, geldirik egon beharreko denbora bat gainera, baina Juanek esan du jokatzeko aukera duen bitartean saiatu egingo dela. Txapelketa hau oso ondo prestatuta zekarren eta arazoak arazo, azken partidara aukera guztiekin heldu da eta saiatu egingo da.

Aurreko larunbatean hasieran beldurrez bezala hasi zen, baina gero ondo bukatu zuela eman zuen, pilotari abiadura emanaz...

Hala da, izan ere, gauza bat da eskua nola duen eta beste bat burua. Aimarren aurka ere antzeko zerbait gertatu zitzaion, gaizki hasi zen eta bukaerarako nahiko ondo amaitu zuen, baina Aimar bezalako pilotari baten aurka izanda, berandu zen.

Ezkerrez bakarrik egin zuen aukeraketa, okerrera egin du?

Ez, baina aurreko astean entrenamendu bat egin zuen eta ez zuen gustura bukatu eta aste honetan nahiago izan du eskuina geldi utzi.

Joseba bera izan daiteke buruak eta konfiantzak ze garrantzi duten hobekien erakusten duen adibideetako bat, nola hasi zen eta orain nola dagoen ikusita...

Halaxe da. Baina aurretik lan handia dagoelako atzean. Lehen kanporaketaren aurretik asko prestatu zuen Lau eta Erdikoa. Baina gauza da bere buruari presio gehiegi jarri ziola, txapelketan sartzeko aukera bakarra zuela uste zuen. Gero Gonzalezen ordez aritzeko aukera sortu zen, berarekin hitz egin genuen, txipa aldatu zuen eta begira orain...Baina ez da izan lehen kanporaketa galdu ostean serio entrenatzen hasi denik, lana aurretik egina zegoen.

Olaizolaren aurka partida bikaina jokatu zuela iruditzen zait, nahiz eta askok Goizuetakoa ondo ez zegoela nabarmendu duten...

Nire iritziz ere Josebak egindako partida bikainarena da meritua eta ez Aimarrek egindakoarena. Baina ohituta gaude Aimarren partida guztietan berak jartzera erritmoa, berak nahi bezala jokatzera eta azkenean berak irabaztera. Gainera, Aimarrek berak esan zuen ondo amaitu zuela, Xalaren aurkako partida jokatu nahi izana da horren adibiderik garbiena, baina erritmoa berak jartzen ez duenean honek ere sufritu egiten du. Irujoren aurka ere gertatu izan zaio.

Baina partidaren bideoa aztertuta, badira Josebak ondo egin ez zituen gauzak. Esaterako sake errestoan ez zen ondo ibili, eta partida amaieran erregalo batzuk ere egin zituen eta Aimarren aurka ez dago horrelakoak ematerik, partida perfektua jokatu behar da irabazteko. Baina errestoan airea kentzen asmatu zuenean, estutu egin zuen.

Gainerakoan, pilotari bakarra finalerdietan, zer gertatu da?

Bai bakarra eta gainera bide zailarekin, Oinatzen kontra jokatu beharko du eta. Emaitzak dira geratzen direnak eta 3-1 geratuko gara, baina iruditzen zait zozketan ere zorte pixka bat behar izaten dela eta guk ez genuela izan. Titinena, ez emaitza horrekin baina pentsatzekoa zen, Abel oso gertu izan zen Idoate oso on baten aurka... eta gero beste guztiak lerro berean joan dira. Julen Retegi entrenatzen ikusita, finalerdietan aritzeko ere aukera handiak ikusten nizkion. Asko ari zen jokatzen, baina Joseba handi batekin egin zuen topo eta elkarren aurka aritze horrek kalte egin zigun.