Anartz BILBAO BILBO

Zinebiko aurtengo lehenengo Ohorezko Mikeldi Saria Agustin Diaz Yanes bilbozaleak jaso du

Zinebi, Bilboko Zinema Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Zinemaldiak Agustin Diaz Yanes zinemagilea aurtengo lehenengo Ohorezko Mikeldiarekin saritu zuen atzo, jaialdiaren irekiera ekitaldian.

Madrildarra pozik agertu zen, «saritua izateak gogoratua izatea baitakar»; bereziki saria non eta Bilbon jaso zuelako. «Beti izan naiz bilbozale amorratua. Lehen Rafa Ortiz Alfau lagunarengana etortzen nintzen -pintorea orain hamarkada bat hil zen-, eta betidanik Aste Nagusira, bospasei egunez. Badira hogei bat urte jaietara etortzen naizena, eta beraz, lehengo Bilbo hura ere ezagutu nuen. Gustukoa nuen oso hiri ilun hura... thriller bat filmatzeko ezin aproposagoa, Manchester ematen zuen!».

1950ean jaioa, aita «toreroa» zuen Agustin Diaz Yanesek Historia ikasketak burutu zituen eta berandu samar hasi zen zinemagintzan. Eta lau film luze baino burutu ez baditu ere, hasiera-hasieratik lortu zuen publiko zein kritikaren arreta, «Nadie hablará de nosotras cuando hayamos muerto» debut lanari esker.

Diaz Yanesen esanetan, eta Montorok esanak esan, «espainiar zinemagintzak zeresana ematen du kanpoan, badu interesa. Almodovar, esaterako, mundu mailako zinemagile garrantsitsuena da ez-amerikarren artean», sarituaren iritziz.

«Frantziar eredua jarraitu behar izan genuen, gure pitokeria tipiko bat gauzatu baino lehen», adierazi zuen espainiar zinemaren egoera negargarria ahotan hartuta. «Haien zinema industria BPGren %7 ingurukoa da, eta gurea %3-4 izatetik %1-2 izatera pasa da. Eta finantziazio iturriak agortzen ari dira». Baina egoera latza dela onartzen duen arren, Diaz Yanes ez da pesimista. «Egia da zinema asko aldatu dela, mundua bera aldatu den bezala, eta ez beti onerako. Hala ere, euskarri ezberdinetan bada ere, inoiz baino zinema gehiago ikusten da eta errazagoa, merkeagoa bihurtu da talentua duen gaztearentzat zinema egitea; askatasun gehiago ere badago!».

Zinebiri buruz, «zalantzarik barik erreferente bat dugu, 55 urte iraun ditu eta», onartu zuen, berak inoiz film laburrik egin ez duen arren -gidoigintzatik film luzeen zuzendaritzara egin zuen salto-. «Film laburren zuzendari gehienak film luzeak egiteko irrikaz dira, eta horixe dugu jaialdiaren zeregina, talentua duten gazte zinemagileak bultzatzea. Eta horretan dabil».

Jarabo

Madrildarrak bi egitasmo ditu egun esku artean. Bata aurreratu samar, «gidoia bukatua eta onartua dago-eta. Jarabo, Espainian 50eko hamarkadan izan zen lehen serie-hiltzaileari buruzko lana da. Bestea, idazten nabilen proiektu pertsonalagoa, aurrekoa gauzatu edo ez, lehenago edo geroago burutu nahiko nukeena». EHUko Imanol Zumaldek Zinebiko katalogorako madrildarraren zinemagintza aztertu eta hauxe dio: «Agustin Diaz Yanes azken hamarkadetako zinema espainiar berrian errazen ezagutzen diren zinemagileetako bat da, dudarik gabe, bere filmek elkarren antza baitute. Diaz Yanesen lana ezkerreko pentsaera duen zinema da, eta indarkeria ezaugarri nagusi duelarik, zinema beltzaren arlora hurbiltzen da».