Jon GARMENDIA
IDAZLEA

Hotza

Uzkurtu egiten zaitu hotzak, eta, halakoetan, berriro ohera sartzeko gogoak astintzen zaitu. Han, izara pean, haur ttipi zineneko usaiak etortzen zaizkizu memoriara, baita oroitzapen batzuk ere, ederrenak, besteak ahanzteko ahalmena oharkabean eskuratu duzula ohartu baitzara, eta babestua sentitzen zara. Gauean, lertxun hauskarak entzun zenituen, zeru gain «V» hizkia egiten zutela irudikatu zenuen, eta gezi bat bailiran hotzaren ihesi nola doazen ikuskatu zenuen, edo hotz gehiago dakartela pentsatu zenuen bestela. Zure gorputzean hotz gehiagorik ez dela kabitzen badakizu ordea, eta hotza maitatzeko manerarik kausitzea zail gertatzen zaizu. Jende anitzekin gogoratzen baitzara: goizero kartoiak estalki gisa dituztela esnatzen direnekin, kartzela zuloan bakardadeari aurre egiten diotenekin, edo, sinpleki, bihotzeko hutsuneak hotza barnerago sartzen dion harekin. Etorriko da beroa berriro, baina kontsuelo hori urrunegi zaizu.

Zure hotza patrikan hasten da. Badu denbora bat ez duzula lanik atzematen, laguntza sozialen bidez juxtu-juxtu ematen diozu aurpegia hilabeteari, eta zure bakardadean daramazu hori guztia, euskaldunak ez baitu sufrimendua azaleratzeko biderik, lotsak hormak eraikitzen ditu, eta intimitatearen blindaje moduko bat da gertatzen ari zaizuna ez partekatzea. Ostiral gauean lagunak zinemara joan ziren, eta zuk goxo-goxo etxean gelditzeko desira adierazi zenien, larunbatean aldiz ondoezik zeunden, horregatik ez zinen joan haiekin afaltzera, eta igandeko antzerkia ez zitzaizun erakargarri suertatu, karrikatik itzuli bat egitea nahiago zenuela erran zenien lagunei, dendetako erakusleihoak ikusiz Gabonetako opariak sailkatu behar zenituela. Gaur, astelehena da, eta astea nola pasa baino, kezka gehiago duzu hurrengo asteburuan ez ateratzeko aitzakia atzemateko. Eta bitartean, hotz gehiago heldu da.