IKUSMIRA
IKUSMIRA

Tubacexeko langileen soldatak garestiak omen dira; zuzendaritzarenak, berriz, merkeak ote?

Lan kostu handiak dira Tubacexen presidente Alvaro Videgainen argudioa Kantabrian fabrika berria zabaltzeko erabakia sostengatzeko. Arabako planten lan kostuak Austriakoenak baino handiagoak omen dira eta. Ez da langileen soldatak handiegiak direla dioen enpresaburu bakarra; izan ere, Adegi, besteak beste, iritzi berekoa da, eta sindikatuetako ordezkarien «presioaren» aurka agertu izan da, zenbait hedabideren eta gobernuen laguntzaz. Krisiak sakrifizioak eskatzen omen ditu, herritar guztien sakrifizioa. Herritar guztiak kolpatzen dituenez, denek eman behar dute zerbait. Baina «elkartasun» aldarrikapen hori egiten dutenek berek ez dute beren burua herritartzat jotzen, nonbait. Horren adibide argia Tubacex bera da. Enpresa horretako goi zuzendaritzako kideen soldatek, joan den urtean bakarrik, %13 gora egin zuten; administrazio kontseiluko kideek, berriz, ia bikoiztu egin zuten aurreko urtean jasotakoa. Sakrifizio bitxia, horiena guztiena. Lan kostuak merkatu beharra argudiatzen du Videgainek, bere ustez gehiegi ordaintzen dien langileek urtez urte lehiakortasuna irabaziz joan badira ere, enpresak irabaziak baditu ere. Horra «denontzako aberastasuna sortzen duten ongileak».