GARA

Ezohiko uholdeek 18 hildako eta 2.700 kaltetu utzi dituzte Sardinian

Ordu gutxitan eroritako euriaren ondorioz izandako uholdeek 18 hildako eragiteaz gain, 2.700 lagun kaltetu dituzte. Gobernu italiarrak «ezohiko gertaera» izan dela adierazi zuen eta larrialdi egoera ezarri du beharrezko laguntza azkarrago bidaltzeko.

Sardinian gertatutako ezohiko uholdeetan 18 pertsona hil eta 2.700 kaltetu dira, kalte material ugari eragiteaz gain. Lur jausiek eta hainbat zubi erori izanak erreskate taldeei toki guztietara iristea zaildu zieten.

«2.700 pertsona inguruk utzi behar izan dituzte beren etxeak eta senideen etxeetan edo eraikin publikoetan babestu dira», adierazi zuen Andrea Orlando Ingurumen ministroak. Orlandok azaldu zuenez, eroritako euri kopurua izugarria izan ziren eta urteko batez bestekoa 1.000 mm-koa denean, ordu gutxitan 450 mm botatzera iritsi zen.

Gianfranco Gelaffu Babes Zibileko zuzendariaren hitzetan, asteleheneko ekaitzak 20.000 pertsonari eragin zien. «Etxeetan, sotoetan, batez ere herrien inguruetan, bilatzen ari gara. Egiteko asko dago», gehitu zuen.

Suhiltzaileek 600 ekintza baino gehiago egin behar izan zuten. Sardiniako brigadaburu Selvio Safffiotiren esanetan, ura ponpatzeko kamioi asko ere blokeatuta daude urpetutako inguruetan.

Larrialdi egoera

Gobernuak larrialdi egoera ezarri du; modu horretan «desagertuak bilatzeko, etxetik ateratakoei laguntza emateko eta errepideak erabilgarri izateko 20 milioi euro berehala erabili ahal izango du», azaldu zuen Enrico Letta lehen ministroak. «Erabat ezohiko gertaera» izan dela nabarmendu zuen.

Olbia, udan hiri turistikoa dena, ia erabat urak hartuta dago. Ehunka biztanle hoteletan eta kiroldegietan babestu dira edo auzokideek etxeetan hartu dituzte. Karabineroek bost lapurreta saialdi zapuztu zituztela esan zuten. Herritarren etxeetan beren burua Udaleko edo babes zibileko langile gisa aurkezten zuten hainbat lagunek eta etxetik aterarazten zituzten.

Bestalde, biztanle batzuk kexu ziren ez zutelako uholde arriskuaren ohartarazpen egokirik jaso. Alta, Paola Pagilara, Arrisku Hidro-geologikoetako arduradunaren iritziz, jazotakoa ezohikoa da «bere handitasun eta zabaltasunagatik, 24 orduz Sardiniako ekialde osoa jo duelako». Hala ere, Pagilarak aitortu zuen urtero horrelako bizpahiru zikloik jotzen dutela Italia.

Italiako udalerrietako %82k uholde arriskua duen guneren bat duela azaldu zuen Pagilarak. Horren ondorioz, «baliabide asko, milaka milioi, beharko lirateke arriskuak gutxitzeko azpiegitura lanak egiteko. Halaber, 70 eta 80ko hamarkadetan egindako eraikuntzetan urbanizazio arazoak daudela aitortu zuen.