GARA

Berdintasun ezari nola aurre egin azaldu dute gazteek Beldur Barik-en

Emakundek eta Eudelek bultzatutako Beldur Barik programa Basaurin amaituko da datorren azaroaren 30ean, gazteei zuzendutako jai batekin. Egun horretan eztabaidak, prestakuntza tailerrak eta ekintza gehiago egingo dituzte. Beldur Barik lehiaketako irabazleen izenak ere arratsaldez izango den festa honetan ezagutaraziko dituzte.

Atzoko aurkezpenean esan zutenez, 150 ikus-entzunezko aurkeztu dituzte 12 eta 26 urte arteko gazteek txapelketa honetara. Lan horietan, berdintasun ezari errespetuan, berdintasunean eta askatasunean oinarritutako jarrerekin nola aurre egiten dioten erakusten dute neska-mutilek. Antolatzaileek nabarmendu zutenez, bideo horien edukiak gutxiago zentratzen dira indarkerian eta gehiago lantzen dituzte indarkeria hori sorrarazten duten jarrerak. Eta hori da, hain zuzen, lehiaketa honekin sustatu nahi den hausnarketa.

«Beldurrak gurekin jai!»

Donostian, Bilgune Feministak eta Emaginek osatu duten liburua aurkeztu zuten atzo: «Beldurrak gurekin jai! Ekin autodefentsa feministari!». Agertu zutenez, autodefentsa feministari buruzko lana da. Hutsune handia ikusi zuten gai honetan euskarazko material urria dagoelako eta hutsune hori bete nahian, garai eta leku ugaritan arlo hau landu izan duten eta lantzen diharduten emakumeen jakintzak bildu eta euskaratu dituzte. Azaroaren 25aren inguruan kaleratu duten lana da emaitza.