Ainize BUTRON BAIONA

Haurrak dantzarazteko «Elektroboom» diskoa kaleratu berri dute

Adin txikiko umeentzat lau disko egin ondoren, Pantxika Solorzano eta Xano Halsouet kantari eta musikari urruñarrek publiko zabalago bat ukitzea erabaki dute kaleratu berri duten «Elektroboom» proiektuarekin.

Izan ere, duela zenbait urte, 4 eta 5 urte arteko umeentzat Pantxika Solorzanok idatzitako kantuetan oinarrituriko diskoteka moduko ikusgarriak landu zituen, Xanorekin batera.

Zortzi, bederatzi eta hamar urteko haurren unibertso musikalean «ingelesezko abestiak» nagusi direnez, «Elektroboom»-ekin adin horietako haurrei zuzendutako euskarazko proiektua lantzea erabaki dute. «Elektroboom-Askatasun ametsak» izenburuko diskoak hamar kantu biltzen ditu. Izenburuaren hautua goraipatu zuen Solorzanok, diskoa proiektu musikala izateaz gain, «euskaltasuna asumitzearen» ideia askatasunari lotua zela adierazi nahi izan zutela esanez.

Abestien hautaketari dagokionez, irakaslea denez, zuzenean gelako ikasleekin egin zuela argitu zuen. «Nire gelako umeei entzunarazi dizkiet kantuak, eta, gustukoak zituztenen arabera hautatu ditut», erran zuen. Behin kantuak hautatuak, Xanok musikatu ditu. Gazteek telebista edo irratiaren bidez entzuten dituzten erritmo elektronikoak aukeratu ditu. «Oraingo musiketan inspiratuak dira, baina erritmo horiek gure egin ditugu. Jarri dugun musika unibertsala da». Horiek horrela, doinu elektronikoak tartekatuz, abestietan, euskal kulturari loturiko doinu eta musika tresnak entzuten dira.

«Elektroboom» lan berri hori hitz bakarrarekin laburbildu behar bagenu, «dantza» baliatu beharko genuke Xanoren iritziz, gazteak dantzan hartzea baitu helburu.

Emanaldi ibiltariak

4 eta 5 urte arteko umeekin egin zuten bezala, haurrek «Elektroboom» diskoa diskoteka moduko emanaldien bidez gozatzeko aukera izango dute. Diskoa kaleratu aurretik, 120 bat gazte bildu zituzten Biarritzeko Atabal aretoan errepika publikoa egiteko. Ekimen horren bidez, haurrak dantzari lotzen zirenez neurtu nahi izan zuten Pantxika Solorzanok eta Xanok. Ekitaldi horrek izan zuen arrakasta ikusita, proiektuarekin aurrera egitea erabaki zuten.

Otsailetik goiti haurrentzako zuzeneko emanaldiak eginen dituzte. «Plazaz plaza ibili nahi genuke. Dagoeneko gela edo aretoetan bakarrik egin dezakegu, baina, emanaldiak kanpoan egiteko formula bat lantzen ari gara», bukatu zuten. Durangon izanen dira abenduaren 7an.