Oihane LARRETXEA

Inbiomedeko langileek gerra politikoa eta konpromisoen ez betetzea salatu dute

Inbiomed ikerketa zentroko langileek ezinegona agertu dute berriro; oraingoan azken egunetan erakundeen artean euren kontura sortu diren ika-miken ondorioz. «Erakunde guztiek laguntzeko asmoa iragarri dute, baina inork ez du irtenbide sendorik aurkeztu», adierazi dute.

Inbiomedeko ikerlarien egonezina ez da baretu; aitzitik, handituz doa. Medikuntza erregeneratiboaren ikerkuntzan ari den zentroko langileek batez ere azken egunetan euren kontura sortu den «izugarrizko gerra politikoa» salatu zuten atzo. Honek guztiak, Kutxako gizarte ekintzaren proiektuak dituen finantzaketa arazoak tarteko, dagoeneko zaila den egoerari inolako onurarik ekarri ez diola esan zioten langileek GARAri.

Lehengo astean Gipuzkoako Aldundiak, Kutxarekin batera Inbiomed fundazioko patronatu kide denak, 400.000 euro emango zituela iragarri zuen, baina langileek diotenez, diru laguntza ez zaie heldu. Zuzendaritzak langileei adierazi zien diru hori kobratzeke dituzten hiru soldatetako bi ordaintzeko izango zela. Hauek Aldundiaren eskutik jasotako azken informazioen arabera, hasteko 150.000 euro emango dizkio Inbiomedi.

Lakuak iragarritako 750.000 euroko diru laguntzaz -aurten eta datorren urtean banatzeko- ere mintzatu ziren. Egoeraren larritasuna aintzat hartuta ez dela nahikoa uste dute.

Lakuak jarritako baldintzari buruz, hau da, Aldundiak eta Kutxak diru gehiago inbertitu dezatela (bere ekarpenaren hirukoitza), langileen hitzetan, Aldundiak ez du baloraziorik egin; Kutxak berriz 2014an 350.000 euro emango dituela hitzeman du. Langileek GARAri adierazi zioten ez dutela sinisten, aurten Aldundiak ematen zuen diru kopuru berbera ematera konprometitu zelako Kutxa, «eta orain dirurik ez duela esaten du».

«Erakunde guztiek laguntzeko asmoa dutela jakinarazten digute baina inork ez du irtenbide sendorik aurkezten. Horrela ezin dugu jarraitu», ohartarazi dute. Patronatuari, bestalde, zentroaren bideragarritasun eta etorkizunari buruz erabakiak har ditzala eskatzen diote.